Lurgorriko proiektuari buruz aritzeko osoko bilkura eskatu du EH Bilduk

Udalbatzarrean proiektu hori ez den beste gairik ez lantzeko eskatu du koalizioak. Auzokoen ekarpenak eta parte hartzeko eskaria udalak nola kudeatuko duen jakin nahi duteGernika-Lumoko auzo horretarako udalak duen proiektuari buruzko udal osko bilkura...

Udalbatzarrean proiektu hori ez den beste gairik ez lantzeko eskatu du koalizioak. Auzokoen ekarpenak eta parte hartzeko eskaria udalak nola kudeatuko duen jakin nahi dute

Gernika-Lumoko auzo horretarako udalak duen proiektuari buruzko udal osko bilkura monografikoa eskatu du EH Bilduk. Santa Luziako proiektuaren eta auzotarren ekarpenen jarraipena egiteko eskatu duela azaldu du. Koalizioak dioenez, auzotarren ekarpenak eta parte hartzeko eskaria udalak nola kudeatuko duen galdetu dute behin baino gehiagotan, baina ez dute erantzunik izan. «Ez alkateak, ez hirigintza zinegotziak ez zuten erantzun argirik eman azaroko osoko bilkuran», azaldu dute.

Ekarpenak egiteko epea amaitu da, eta, obren lizitazioa aurrera doala ikusita, udalak auzokoei azalpenak zor dizkiela uste du EH Bilduk. Gainera, azalpen horiek publikoki eman behar dituela dio, akta ofizial batean jasota gera daitezen. Izan ere, lizitazioaren fase honetan, kontratuan aldaketak egitea legez kontrakoa izango delaren susmoa du EH Bilduk. «Osoko bilkura monografiko horretarako txosten juridikoa eskatu dugu udal idazkaritzan. Udalak oztopo legal horiek ondo ezagutu arren, auzotarrei ekarpenak eskatu dizkie, bide guztiak itxita dituen parte hartze prozesu baten itxura eman nahian akaso», diote.

Auzotarrekin batera

EH Bilduk azaldu du ez duela proiektuari buruz eztabaidatzeko asmorik, prozesu hori udalak, EH Bildurekon baino, auzotarrekin egin beharko lukeela sinisten dutelako.

Proiektua bizia izango dela dio koalizioak, eta beste fase batzuk izango dituela. «Fase horietan auzotarren nahiak kontuan hartuko dituztela esan zuen alkateak, baina ezer ez zuen zehaztu, ez prozedura aldetik, ez epeei dagokienez», kritikatu du EH Bilduk.

Hala, alkatearen berbak «haizetara botatako loreak» direla esan du koalizioak. «Alkatearen asmoa zintzoa bada, parte hartzerako gune bat sortu nahi badute eta auzotarrek eskatzen dutena gauzatzeko konbentzimendua badute, osoko bilkura horretan dute konpromisoa berresteko aukera», EH Bilduren iritziz.

Sinadurak eta ekarpenak

Lurgorriko auzotar talde batek, bere aldetik, parte hartze prozesu bat hastearen aldeko sinadura bilketa hasi du. Lurgorri auzo-kultur elkarteak ere bat egin du horrekin. Gainera, ekarpenak egin dizkiote udalak aurkeztutako proiektuari. Hain zuzen, bost puntuko idazkia aurkeztu zuen auzo elkarteak udaletxean.

Parte hartze prozesua eskatu dute, auzoan bizi direnen beharrizanei erantzun egokia emateko. Horretarako, proiektua atzeratzeko eskatu dute. Horrez gain, auzoak aterpe baten beharra duela adierazi dute. Zelai berdeak babestearen eta espaizo libreak izatearen beharra ere ikusi du auzo elkarteak. Horrekin batera, mantenu askoko eta garestiak diren gastuak saihesteko eskatu diote Lurgorriko auzo elkarteko kideek udalari.

Lurgorrin ia 16.000 metro koadro egokitzeko asmoa du udalak, eta horretarako 680.000 euroko aurrekontua izango du.