Ondarroako, Markina-Xemeingo eta Lekeitioko bertso eskolek antolatuta, zapatuan [abenduak 12] bertso bazkaria egingo da Ondarroako
Arrigorri Ostatu jatetxean. Saioa
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak bultzatutako
Bizkaia zortzi puntutan deritzon ekimenaren barruan egingo dela iragarri dute.
Hain zuzen ere, Bizkaiko eskualde bakoitzean norbere neurrira diseinatutako jaiak antolatzen ari dira, eta Lea-Artibai mailan bazkal osteko girotze saioa egitea erabaki dute. “Ekimenaren helburua eskualdea girotzea eta bertsogintzaren oinarria sendotzea da. Txapelketara joango ez direnentzako bestelako plaza bat izango da, eta joango direnentzako entrenamendu aproposa. Ez da Bizkaiko Txapelketarako puntuagarria izango”, nabarmendu dute Bizkaiko Bertsozale Elkarteko kideek.

Ondarroako Bertsutan bertso eskolako kideek eskainitako bertso saio bat, Ondarroan
Antolatzaileek aurreratu dutenez, ordea, bazkaritan batu orduko herrian zehar bertso poteo bat egiteko asmoa ere badute, “gerokoa girotzen” joateko. 14:00etan egingo da bazkaria, eta ostean, egingo dute bertso saioa. Guztira, hiru bertso eskoletako
sei bertsolarik parte hartuko dute saioan; Esti Alberdi gai jartzaileak proposatutako gaiei Eneko Arratek, Alexander Idoetak, Aissa Intxaustik, Iñaki Lersundik, Aitor Ruizek eta Bikain Urkidik ipiniko die ahotsa eta doinua.
Gogorarazi dutenez, bertso bazkarian parte hartzeko sarrerak aurretiaz erosi beharko dira. Txartelak Ondarroako honako toki hauetan eskuratu daitezke, 12 euroren truke: Zurrumurru, Turismo bulegoa, Txikine mertzeria eta Arrigorri Ostatua. 60 bat lagunentzako tokia egongo da bazkaritan; hortaz, bazkaritako txartela lortzeko azkar ibiltzeko gomendatu dute.
Egitaraua