Bertoko produktuen Gabonetako III. azoka antolatu dute zapaturako

Ume eta gazteek, gozoki osasungarriak egiteko tailerrean parte hartu ahalko dute. Lanbide Hastapeneko sukaldariak ere egongo dira sukaldaritza erakustaldiak egitenBermeon erosketak egitea bultzatzeko, eta bereziki, herriko udal azoka sustatzeko, bertok...

Ume eta gazteek, gozoki osasungarriak egiteko tailerrean parte hartu ahalko dute. Lanbide Hastapeneko sukaldariak ere egongo dira sukaldaritza erakustaldiak egiten

Bermeon erosketak egitea bultzatzeko, eta bereziki, herriko udal azoka sustatzeko, bertoko produktuen gabonetako III. azoka berezia antolatu du Bermeoko Udalak zapaturako. Hala, bertaratzen direnek baserriko eta itsasoko bertoko sasoiko produktuak dastatzeko eta erosteko aukera izango dute 30 saltoki ingurutan, 09:00etatik 15:00etara.

Saltokiak merkatu barruan zein kanpoan egongo direla zehaztu dute, eta ohiko saltzaileez gain, ekoizle berriak ere hurbilduko dira, egunero erosi ezin diren produktuak eskainiz; bertoko garagardoa eta txakolina, ogia, etxeko gozoak…

Bertoko produktuak dastatzeko eta erosteko aukera emateaz gain, Bermeoko Udalak eta azokako merkatariek elkarlanean, bestalde, egitarau zabala prestatu dute, gabonetako «giro polita» sortu guran, eta herritarrak hurbiltzera animatu daitezen.

Umeak eta gazteak ere udal azokara erakarri asmoz, haientzako tailerrak antolatu dituzte 11:00etatik 13:00etara. Aurten, gozoki osasungarriak egingo dituzte. Gainera, Olentzerok merkatua bisitatuko du; 11:00etatik 14:00etara egongo da bertan, umeen eskutitzak jasotzen.

Bestalde, Gabonetako argiek, apaingarriek eta musikak, Gabonetako azoka berezia girotzen lagunduko dutela azaldu dute. 11:00etatik 12:30era, hain zuzen ere, Musika Eskolako haize eta soka taldeak bere musikagaz eta Erroxape Emakumeen Elkarteko abesbatzak bere abestiekin giroa alaitzen lagunduko dute.

Menu bereziak

Eta, zelan ez, aurreko urteetako egitarauari eutsita, eta horiek izaten duten arrakasta ikusita, Lanbide Hastapeneko sukaldariek ez dute hutsik egingo zapatuko azokan.

12:30eatik aurrera, ikasleek sukaldaritza erakustaldiak egingo dituzte, eta Gabonetako menuak dastagai eta salgai ere jarriko dituzte, prezio «oso onetan». Postre bereziak egingo dituztela jakinarazi dute.