Marijesiek Iurretan egingo dituzte topaketak, zapatuan
ABENDU SANTU HONETAN...koplak izenburupean, kontzertua emango dute Bizkaiko Marijesiek zapatu honetan hilaren 12an. Iurretako elizan izango da kantaldia, eta bertan batuko dira, baita, Gernika-Lumoko, Gautegiz Arteagako, Mendatako, Ibarrangeluko, Eako ...
Lekeitioko, Abadiñoko, Oromiñoko (Iurreta) eta Iurretako marijesiekin batera kantatuko dute Busturialdekoek. Kontzertua 19:00etan hasiko da.
Herri horietako taldeek euren herrietako koplak kantatuko dituzte, doinu eta guzti. Letrak, luze-labur gora beheran, antzerakoak dira lekuotan, baina herririk herri be badira aldaeratzat hartu daitezkeenak.
Doinuak ere desberdinak dira, baina denak goxo-goxoak eta Gabonak iragartzeko herri horietako bakoitzean elemento sinboliko moduan funtzionatzen dutenak.
Herri eta auzo guzti horietan mantendu izan da ohitura hori, eta, batzuetan bederatziurren osoa egiten dute; Gernikan, Ean eta Gautegiz Arteagan, esaterako. Beste herrietan, azken egunean ateratzen dira marijesiak kopla kantuan.