Zientziaren Giltzak elkarteak antolatuta, Mikel Odriozola mediku ondarrutarrak
Osasunaren gezurrak eta klabeak hitzaldia eskainiko du astelehenean, 18:30ean, Ondarroako Beikozinin. Zientziaren Giltzak elkarteak antolatzen duen urteko azken hitzaldia izango da.
Odriozola 1986an lizentziatu zen Medikuntzan eta Kirurgian. Familia eta Komunitate Medikuntzan espezializatua da, eta 1987az geroztik dago lanean. Kirol medikuntzan, fisioterapian eta birgaitzean aritu izan da, eta 2008tik Markina-Xemeingo osasun zentroan dago lanean.
Hitzaldian landuko duena
«Kalean entzuten denaren arabera, osasuna herritar gehienon kezka nagusia da. Eta komunikabideetan ere sarri ikusten eta entzuten den gaia da. Gehienetan, baina, akatsez beteta edo asmo okerrekin lantzen da». Izan ere, Odriozolaren arabera, osasuna «negozio aukera handia» da. «Dirutzak erabiltzen dira farmazia industrian, naturismoaren industrian, alternatiboen azokan eta hainbat koloreko iruzurgileen eskutan».
Zientziaren Giltzak elkarteak antolatutako hitzaldi bat, Beikozinin. Argazkia: Beikozini.
Ondarrutarraren arabera, jendarteak bizitza medikalizatu du. «Min eta ondoez guztiak pilula batekin, bedar urez, janari funtzionalekin edo sineskeriekin konpondu nahi ditugu segituan». Ezjakintasuna garestia eta osasunarentzat kaltegarria dela dio.
Horrela ba, hitzaldian gehien erabiltzen diren gezurrak, negozioak, ohitura okerrak, uste ustelak eta iruzurrak aztertzen ahaleginduko dela dio. «Eta, aldi berean, ahalik osasuntsuen bizitzeko gako batzuk emango ditut».
Orain arteko hitzaldiak
Odriozolaren iritziz, arau batzuk zuzen jarraituz gero, eta zorteagaz, medikuak soilik kalean ikusi ahal dira, eta ez kontsultetan.
Ondarrutar baten hitzaldiagaz hasi ziren,
eta ondarrutar baten hitzaldiagaz amaituko du urtea Zientziaren Giltzak elkarteak, kideek nahi zuten modura. Eta esan eta egin.
Iker Badiola Etxaburu Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta minbiziaren epigenetikaren ikerkuntzarako Signaling Lab laborategiko ikertzaileburu ondarrutarragaz hasi zuen elkarteak urtea. Ordutik, hilero, hainbat adituen hitzaldiak eskaini izan dituzte.
Raul Ibañez Euskal Herriko Unibertsitateko Matematika Doktore eta Geometriako irakasleak tresna matematikoak erabilita komunikabieetan argitaratutako hainbat berri aztertu zituen otsailean.
Iñaki Artetxe Azti-Tecnaliako Arrantza Estatistikako arduradunak, ostera, antxoak nola zenbatzen dituzten azaldu zuen martxoan.
Apirilean,
Jose Antonio Aranda Euskalmeteko arduradunaren eskutik, eguraldiaren zientziak gertutik ezagutu ahal izan zituzten herritarrek. Eta
Arantza Aranburu EHUko Geologian doktoreak klima aldaketa izan zuen hizpide maiatzean.
Ekainean Arabako Iruña-Veleia aztarnategian agertutako latinezko grafitoen hizkuntzari buruz aritu zen
Alicia Satue filologia klasikoan lizentziaduna.
Udazkeneko hitzorduak
Uztailean eta abuztuan udako geldialdia egin ostean, elkartea indartsu bueltatu zen irailean. Izan ere,
Pedro Miguel Etxenike fisikari ospetsua Ondarroara ekartzea lortu zuten.
Neskuts Izagirre Euskal Herriko Unibertsitateko antropologia irakasleak DNA eta giza populazioen historia errepasatu zituen urrian. Eta ostean, azaroan, Eduardo Angulo biologoaren hitzaldiaz gozatu ahal izan zuten herritarrek.
Aurreko hilabeteak pasatu diren modu berean, urtarrila ere hortxe-hortxe dago, eta elkarteak orain arteko bidetik jarraitzeko asmoa erakutsi du. «Datorren urterako gauzak findu egingo ditugu, baina, momentuz, egindakoagaz pozik gaude».