Abenduaren 20an egingo diren Espainiako Gorteetarako hauteskundeen barruan, Joseba Permach
EH Bilduko kideak hitzaldia eskaini zuen atzo [abenduak 15], Ondarroan. Permachegaz berbalagun, Unai Urruzuno koalizio abertzaleko legebiltzarkide ondarrutarra egon zen.
Hitzaldiak interes handia piztu zuen herritarren artean; Kofradia Zaharreko aretoa jendez bete-bete egin zen, eta nahi izan zuen guztiak galderak egin eta hainbat gaien inguruan eztabaidatzeko aukera ere izan zuen.
Hitzaldiari dagokionez, lehendabizi, azken urteotako errepasoa egin zuten. Errepaso horretan Espainiak Euskal Herriaren aurrean “indartsu” ageri nahi baldin badu ere, “botere krisia” dela eta, “dituen ahuleziak bistan laga dituela” nabarmendu zen.
Ostean, egungo egoeraren irakurketa egin, eta etorkizunari begira zer egin beharko litzatekeen berbetan aritu ziren. Etorkizunera begira, hain zuzen ere, “Euskal bidea giltzarri” izan daiteekela aipatu zuten, eta testuinguru horretan, hurrengo hauteskundeek ere zeresan handia izan ahal dutela azpimarratu zuten. Permachen iritziz, hurrengo hauteskundeek “Espainiari erantzun eta burujabetza prozesua bultzatzeko garrantzitsuak” izan daitezke.