2014an 50 urte bete zituen Lekeitioko Ikastolak eta urteurrenagaz bat eginez, ibilbide luze horren historia, istorio eta oroitzapenak batu dituzte irudiz betetako liburu irakurterraz eta atseginean. Ikastolaren lehen egunetatik gaur egunera arteko garapen eta bizipenak eraman dituzte paperera.

50 urte Brankaz liburua irakurtzen.
50 urte Brankaz liburua,
ikastolak bizi izan dituen garai ezberdinetan banatua dago: Hasiera gogorrak,
1964-1975; gorpuztea,
1975-1980; loraldi,a
1980-1993; krisialditik berrindartzera,
1993-2000; krisialditik ateratzen,
2000-2006 eta etorkizunari begira,
2006tik aurrera.
Lagun askoren parte hartzeagaz osatu dute lana. Informazio gutxi zegoen jasota, eta beraz, ikastolako parte izan direnen oroitzapenetara jo dute informazio bila. Horrela, garai ezberdinetako irakasle, zuzendari eta gurasoak bihurtu dira informazio iturri.
Iturriak
1964an, Beheko Kaleko lonja batean hasi zen ikastola, ilusioz eta esperantzaz betetako garaia, baina aldi berean ezegonkortasunez betea. Hori dela eta, lehen garai horretako dokumentu oso gutxi dagoela ikusi dute liburuaren hiru egileek: Alejandra Goikoetxea, Enara De la Torre eta Zuriñe Gojenola. Eta beraz, ikastolako lehen hiru irakasleengana jo dute: Ana Mari Uribe, Irene Uribe eta Ana Dani Zugadirengana.
Urte askotan ikastolako zuzendari izan zen Natxi Aranburu eta idazkari lanetan jardun zuen Karmen Marina Arteagabeitia ere elkarrizketatu dituzte, bigarren garaiaren berri izateko, beste batzuren artean ikastolako kooperatibaren sorrera, barne funtzionamendua eta diru-laguntzez jakiteko. Horrez gain, Antxone Telleria, Nere Legarza eta Karmen Garateaga andereñoekin 80. hamarkadako alderdi pedagogikoaz eta eraikin berriaren prozesuaz hitz egin dute. Azkenik, Marijo Lekue irakasleagaz eta Jose De la Torre
Purru gaur eguneko zuzendariagaz hizkuntz proiektuei buruz eta Konfidantzaren Pedagogia proiektuari buruz aritu dira.

50 Urte Brankaz liburuaren barruko partea.
Ikastolaren momentu erabakior asko jasotzen ditu liburuak baina, ikastolaren parte izan direnen bizipenak ere bildu nahi izan dituzte. Horrela, euren bizipenei buruzko gogoetak egiteko tartea izan dute ikasle ohi batzuek ere. Olentzero, Itsas Soinua, Ortua, Bertso Eskola…
Liburuagaz, batera, 70. hamarkada hasieran grabatutako DVD bat ere badoa. Biak Ikastolan eta Antero eta Aralde liburu dendetan eskuratu daitezke. Santo Tomas Eguneko azokan ere egongo da liburua lortzeko aukera, ikastolaren txosna inguruan.