Gipuzkoako Elizbarrutiko Espetxe Pastoraltzak antolatuta, Martuteneko espetxean preso daudenentzako bilketa berezia egingo da egunotan. Gabon bueltan egiten den kanpaina honetan, hain zuzen ere, presoek beharrezko dituzten hainbat gauza bilduko dira herriz herri.
Mutrikuren kasuan, abenduaren 19ra arte batuko dira gauzak, Ama Jasokundearen parrokiaren sinboan (parkearen aurrean). Herritarrek euren ekarpenak honako egun eta orduetan egin ditzakete: gaur [abenduak 16], bihar [abenduak 17] eta etzi[abenduak 18], 19:00etatik 20:00etara; eta zapatuan [abenduak 19], 11:00etatik 13:00ak arte.
Bilketa egiten daudenek nabarmendu dutenez, espetxean daudenek, batez ere, honakoak behar dituzte: barruko arropa berria (gizon eta emakume), bainuko oinetakoak eta kirol oinetakoak (37tik 44ra), galtzerdiak, telefono txartelak, tabako gorria eta su pizgailuak, hortzetako pasta eta ezkuilak, gutun-azalak eta zigiluak, gela garbitzeko produktuak, azalkalak moztekoa, desodorantea eta turroi biguna.