Gabonen atarian,
San Tomas eguna ospatuko dute
Lekeition, Mutrikun, Ondarroan eta Ziortza-Bolibarren.
LEKEITIO:
Lekeition, urtero bezala, azokaz gain, eskualdeko etxe-abereen erakusketa egongo da ikusgai.
Bertan, lehen sektoreko 40 ekoizle euren produktuen salmenta zuzena egiten ariko dira, tartean Lea-Artibaiko 21 ekoizle. Ortuariak, frutak, arrain kontserbak, ardi eta ahuntz gaztak, ogia eta gozogintzako produktuak, Bizkaiko txakolina, ahatekiak, eztia, txerrikiak… eskaintza zabala izango da.
Eskualdeko abeltzainek ere euren gunea edukiko dute. Hegaztiak, zaldiak, ardiak, ahuntzak, astoak, behiak, idiak, txerriak… askotariko animaliak batuko dira.
MUTRIKU:
Era berean, abenduaren 18an, Mutrikuko azokan ere askotariko produktuak ikusi eta erosteko aukera izango da 22 erakusmahaitan. Jakiez gain, esaterako, liburuak eskuratzeko aukera izango da, eta herriko elkarteen txokoa ere jarriko dute.
Hala, lau abeltzain izango dira, haien poni, behor, zezen, euskal pottoka eta abarrekin. Aurten katxena arrazako behiak egongo dira estreinako.
Gainera, Gaztetxean, Mutrikuko Rock Kolektiboak rock gaua prestatu du.
ONDARROA:
Bestalde, etzi, Ondarroako Zubi Zahar herri ikastolak, urtero modura, txosna jarriko du alde zaharrean, pintxo, edari eta taloekin. Umeentzako txokoa ere egongo da, hainbat tailerregaz. Eguerdian, Gabon kantak abesteko batuko dira umeak, Zubi Zaharreko eskaileretan.
ZIORTZA-BOLIBAR:

San Tomas egunean Ziortza-Bolibarren egindako ekintza.
Ziortza-Bolibarren ere etzi ekingo diete santomasetako ozpakizunei, txupina jaurtita.
Baserritarrez jantzita
Herritarrei baserritarrez jantzita joateko dei egin die jai batzordeak. Txupinazoaren ostean, baserritarren kalejira egingo dute, parodia eta guzti.
Gero, herri afarian bapo afaldu, eta erromerian amaituko dute eguna.
Domeka eguerdian herri kirolenetan lehiatuko dira mendaroarrak eta berritxuarrak. Arratsaldean, berriz, umeak izango dira protagonista. Lehenengo Markina-Xemeingo umeen abesbatzaren saioa egongo da, eta gero umeen jaia egingo dute.
Astelehenean ospatuko dute San Tomas egun handia, eta ohitura legez salda berorik eta talorik ez da faltako.
EGITARAUA, HERRIZ HERRI:
LEKEITIO: Abenduak 21 (astelehena)
- 10:00. Azokaren eta abere erakusketaren hasiera.
- 13:30. Azokaren mahairik onenari sari banaketa.
- 14:00. Azokaren amaiera.
MUTRIKU: Abenduak 19 (zapatua)
- 10:00-15:00. Goiko plazan, Azokaren hasiera.
- 13:00. Kalez kale, trikitixa taldea kalejiran.
- 22:30. Gaztetxian, MRK Rock gaua + The Incult. Antolatzailea: Mutrikuko Rock kolektiboa.
ONDARROA: Abenduak 19 (zapatua)
- Goizean. Zubi Zahar herri ikastolaren txosna, pintxo, talo eta edariekin.
- 14:00. Ikastolako ikasleen Gabon kanten emanaldia, Zubi Zaharreko eskaileretan.
ZIORTZA-BOLIBAR: Abenduak 19 (zapatua)
- 19:00. Txupinazoa.
- 19:30. Baserritarren kalejira. Lan tresna eta ortuariekin parodia, eta errentero eta etxejabeen arteko etxe-sari ordainketa hegaztiekin.
- 20:00. Herri afaria. Menua: Porru-patata saiheskiagaz, mihia saltsan, gaztaina erreak, gaztaia, menbrilloa, kafea eta kopa.
- Ondoren. Erromeria, Iser, Alabier eta Lutxurdixok alaituta.
Abenduak 20 (domeka):
- 13:30. Herri-kirolak, Mendaroko eta Berritxuko talde mixtoakaz.
- 17:00. Markina-Xemeingo umeen abesbatza.
- 17:30. Umeen jaia: Txikienentzako itsas ludoteka eta puzgarria eta nagusientzako jumpinga, globoflexia eta txapa tailerrak.
- Jarraian. Txokolatada.
Abenduak 21 (astelehena):
- 11:30. Txistularien kalejira.
- 12:00. Meza. Ondoren. Salda beroa kopauarekin, jubilatuen lokalean.
- 17:00. Talo jana denentzat.