Jose Maria Kazalis politikari lekeitiarra senataria izan da aurreko legealdian, eta orain berriro ere senaturako hautagaia da. Madrilen egotearen garrantzia azpimarratu du euskal herritarren interesak defendatzeko.
Hauteskunde kanpaina amaituta, iganderako gogotsu?
Gogotsu bai, baina batez ere jakin minez, izan ere, Estatuan gertatzen denak eragina du Euskadin; eragin kaltegarria izan daiteke. Hemen, Podemosek izan ezik beste alderdi konstituzionalistek emaitza txarrak izango dituztela dirudi, eta EAJ lehen indarra izango dela aurreikusten da.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeek askorentzat pisua galtzen dute. Zergatik egon behar du EAJk Madrilen?
Euskadik subiranotasuna galdu du Espainiarekiko. Estatututik hona zati bat berreskuratu dugu, tartean Itun Ekonomikoa ere bai, eta gu han gaude daukaguna ken ez diezaguten; eta, ahal bada, kendu zigutena berreskuratzen. Zenbat eta autogobernu gehiago, orduan eta bizi kalitate hobea izango dugu, hobeto kudeatzen dugulako. EAJk baino ez du egin sistema horren alde, ezker abertzaleak Itun Ekonomikoari “ituntxoa” deitu edota Estatutua mespretxatu duen bitartean… Madrilen egin dugun lanari esker euskara, hezkuntza, osasuna edota azpiegitura dauden mailan daude. Ezin gara egon independentziaren biharamunaren zain geldirik.

Jose Maria Kazalis senataria eta EAJren hautagaia, mitin baten. Argazkia: EAJ
Bertoko interesen defentsa egin behar da Madrilen, beraz. Esaten den beste kaxkartu daiteke egoera?
Bai. Azken legealdian Alderdi Popularra gure eskuduntzei haginkadak ematen saiatu da. Espainiako administrazio lokaleko arrazionalizazio eta sostengarritasun legeak ez du eragiten euskal udaletan xedapen gehigarri bat lortu genuelako. Hori lortu izan ez bagenu, euskal udalak Espainiaren menpe egongo lirateke ekonomikoki, eta ezingo lirateke mantendu gizarte edota berdintasun gaiak.
Kazalis: “Ikusi dugu Podemosek Katalunian zer egin duen, Ciudadanosena argi dago, eta gobernatu duten biek argi erakutsi dute urteotan Estatutua bera ere ez dutela errespetatzen”
Lan erreforma, giza eskubideen, hizkuntza eskubideen edota erabakitzeko eskubidearen kontrako politikak… Euskal jendartea kontziente al da Madrilen boto batek duen garrantziaz?
Askok uste dute Raxoi kendu behar dela Sanchez ipintzeko; arazoa da bi horiek eta Iglesias zein Rivera berdin-berdinak direla: “España cañi”. Denek nahi dute Espainiaren batasuna. Ikusi dugu Podemosek Katalunian zer egin duen, Ciudadanosena argi dago, eta gobernatu duten biek argi erakutsi dute urteotan Estatutua bera ere ez dutela errespetatzen. Euskaldunek ez dute begiratu behar nork gobernatuko duen Madrilen, Euskaditik gu ordezkatzen nor egongo den baino. EAJn negoziatzen dakigu, eta, gainera, errespetatzen gaituzte, berba betetzen dugulako.
Hego Euskal Herrian ordezkaritza duzuen alderdi gehienek bat zatozte esatean egungo lege esparruak ez diela gizartearen beharrei erantzuten. Zein da, zure ustez, gabeziarik handiena?
Espainiako politikak heldutasun demokratiko gutxi du. Hemen Batzar Nagusiak eduki izan ditugu, eta Espainian monarkia absolutista egon da. Horregatik daramatza Estatutuak 37 urte bete barik, nahiz eta erreferendum bitartez onartu zen; ez dute berba errespetatzen. Konstituzioa bera gauzak konpontzeko erabiliko balitz, Euskadi edota Kataluniako hainbat arazo ez lirateke gertatuko. Ez da lege kontua, jarrera da; errespetu falta dago hartzen diren erabakiekiko.
Nola lan egingo du zure alderdiak hori aldatzeko?
Esparru legalari ahalik-eta etekin gehien atera nahi diogu. Esparrua aldatu ahal dela? Saiatuko gara, baina gurea ez den Estatu batean gaude, eta haiek konbentzitu behar ditugu. Esparru legala ezin dugu aldatu gure kabuz, ezin da aldatu jendea hiltzen. Bestalde, ikusten ari gara esparru legalak aldatzen ari direla: Europak gero eta pisu handiagoa du, herriek gero eta pisu handiagoa dute estatuen kalterako…
Ekonomia eta lan kontuek eragiten dute burukomin gehien gaur egun. Ciudadanosek, gainera, kontzertu ekonomikoa kentzearen eta aldundien eskuduntzak murriztearen aldeko mezua ere zabaldu du.
Itun Ekonomikoa pribilegioa dela esaten ari dira, eta hori ez da egia. Guk foruak genituen, eta, horren arabera, gure gobernua, gure ogasuna… Espainiak ez ditu hemen inoiz zergak kobratu. Indarrez foruak ezereztatu zirenean, ezin zutenez dirua batu, ituna asmatu zuten zeozer ordain geniezaien; ituna Madrilgo inposaketa da. Foruekin Itunik ez genukeen beharko, baina ez ditugun bitartean, guretzat berebiziko autogobernu tresna da. Ituna eta Kupoa. Gu Estatuko populazioaren %4,2 gara, BPGren %6,11 dugu, eta populazioaren eta BPGren %6,2 izango bagina bezala ordaintzen dugu. Dagokiguna baino gehiago ordaintzen ari gara transferituta ez ditugun gauzetarako.
“Denek diote Konstituzioa aldatu behar dela; gure kalterako alda dezakete edo, gu bertan bagaude, gure autogobernuan aurrerapauso bat emateko”
Riveraren alderdiak bigarren indar politikoa bilakatzeko aukerak dituela diote inkestek. Hainbesterako mina egin diezaioke horrek euskal gizarteari?

Jose Maria Kazalis senataria eta EAJren hautagaia, senatuan berbetan. Argazkia: EAJ
Alderdi guztiek Ituna defendatzen dutela diote, Ciudadanosek izan ezik. Hauek izorratzen dituena da gure sistema ondo doala, eta eurena ez. Esaten digute guk gure kartera kudeatzea pribilegio bat dela, baina eurak ere euren kartera kudeatzen dute; arazoa da txarto egiten dutela: eskua poltsan sartzen dute, ekonomia turismoan oinarritzen dute, eta ez dute industriarik… Ciudadanosen ibilbide orria ez da Euskaditik pasatzen, Euskadiren gainetik baino. PP-Ciudadanos ituna beldurgarria izan daiteke Euskadirentzat. Denek diote Konstituzioa aldatu behar dela; gure kalterako alda dezakete, edo, gu bertan bagaude, gure autogobernuan aurrerapauso bat emateko.
Emakumeak eta indarkeria matxistari aurre egitearen beharra aipatu izan da kanpainan. Baina, proiektu zehatzik bai?
Kontzientziazioa lantzen ari gara. Berdintasun arloan eskuduntza esklusiboak ditugu, baina ez kode penalean. Legeak badaude, arazoa hauek betearaztea da. Emakumearen babesa jasota dago, baina epaile batzuek ez dituzte aplikatzen. Udalak defendatu genituenean hauek berdintasun politikak egin ahal izatea lortu genuen; Espainiakoek ezin dute egin.
Bestelako gizarte politikak krisian daudela dirudi. Zein politika daramazue Madrilera Hego Euskal Herriko gizarte ongizatea hobetzeko?
Gizarte zerbitzuetako konpetentziak aldundiek dituzte, arazo bakarra Mendekotasun Legea da. Madrilen onartu zen, guk kontra bozkatu genuen arren, gure eskuduntza delako, eta gu izan gara garatu dugun bakarrak, Nafarroaz gain, baina kostuen %50 Espainiako Gobernuak ordaindu behar zuen, eta ez du egiten. Kupoa eztabaidatu behar denean, adostutakoa ordaintzea exijituko dugu.
“Guk preso guztien giza eskubideen alde egingo dugu, tartean dispertsioaren kontra ere”
Azkenik, gaixo dauden presoak, epaiketa politikoak, sakabanaketa politika… Espainiako Gorteetan gai horiek lekurik izango al dute hurrengo lau urteetan?
Guk elkarbizitza hobetzea bilatuko dugu; tartean preso guztien eskubideak bete daitezela ere bai. Baina ez da egingo duguna bakarrik, aurreko legealdietan ere hainbat gauza egin ditugu, nahiz eta beste batzuek kapitalizatzen dituzten haien aldeko ekimen guztiak. Adibide moduan, Bildarratz senatariak Raxoiri berari aurpegiratu zion presoak gizarteratzeko akordioak lortu behar dituela. ETAk, ezker abertzaleak eta Espainiako Gobernuak ere urratsak eman behar dituzte. Guk preso guztien giza eskubideen alde egingo dugu, tartean dispertsioaren kontra ere bai.