Lekeitioko kirol eta kultur erakundeak desegin dituzte
Udal Kirol Erakundeko eta Kultur Erakundeko batzorde eragileek erakundeak desegiteko hartutako erabakia berretsi zuen atzo Lekeitioko Udalak, talde politiko bien adostasunagaz. Erakundeen sorreratik gaur egunera arte UKEren (Udal Kirol Erakundea, 1990) eta LUKEren (Lekeitioko Kultur Erakundea, 1992an) bai eta Lekeitioko Udalaren funtzionamendua ere, asko aldatu dela azaldu dute. Beraz, “zerbitzuen arrazionalizazioa eta administrazioaren eraginkortasuna bermatzeko eta herritarrei ematen zaien zerbitzuen kalitatea hobetzeko asmoarekin” hartu dute erabakia.
Udalak jakitera eman duenez, azken urteetan, Lekeitioko Udalak berak hartu du erakundeko beharginen eta diru kontuen ardura. “UKEko eta LUKEko batzorde eragileak gai burokratikoetara mugatu dira azken urteotan eta adibidez, LUKEko batzorde eragilea azken lau urteetan birritan baino ez da batu”.
UKE eta LUKE desegiteak ez duela kalterik eragingo argitu du udalak. “Ez kultur ez kirol arloen funtzionamenduari ez eta helburuei ere, eduki bera izango bait dute, udalagaz bateratzeak aurrezkia ekarriko du”.
Bestalde, erakunde bietako beharginak Lekeitioko Udaleko behargin izatera pasatuko direla jakitera eman dute.