Herriko agertokiak rock and roll doinuez bete ostean, oholtza berrietarako prest daude Jabi Patxon (abeslari, gitarrista eta piano jotzailea), Sergio (gitarrista), Joni (bateria) eta Gotzon (baxua eta ahotsa). Orain dela bi urte elkartu ziren rock and rollaren lau jarraitzaile sutsuak, garai guztietako rock and rollari astindualdia emateko. Kontzertu batzuk han eta hemen eta entsegatu eta entsegatu ibili eta gero, jadanik beste herri batzuetan jotzeko «adin nagusitasuna» lortu dutela diote Rock and roll expreseko kideek.

Rock and roll expres taldeko kideak, kontzertu bat eskaintzen
Bi urte egingo ditu otsailean Rock and roll expresek eta Lekeitiko taberna eta kaleak izan dira euren plaza orain arte. Ez dute kanpora joateko beharrik sentitu, baina,
orain beste pausu bat eman nahi dute. Neguan, entsegatu eta entsegatu ibili eta udabarri eta uda garaian kontzertuak eman beharrean, lozorrotik atera, entsegu lekutik irten eta gehiago jotzen hasi nahi dute. «Lekeitiotik kanpo joaten hasi behar gara, eta lehenengo pausua inguru honetan jotzea litzateke, Markina-Xemeinen eta Ondarroan esate baterako», diote.
70 hamarkadakoak eta 60. hamarkadako abestien bertsioak egiten dituzte, besteak beste. Taldeak: Rolling Stones, Rory Gallager, Z Z Top, Leño, Eric Clapton
Bertsioak dira taldearen berezitasuna, abesti ezagunen bertsioak. 70 hamarkadakoak eta 60. hamarkadakoak besteak beste: Rolling Stones, Rory Gallager, Z Z Top, Leño, Eric Clapton. «Izen handiak denak». Baina, horren ezagunak ez diren doinuak ere bere egiten dituzte, Canned Heat eta Bob Dilanen kantak esate baterako.
Belarriz ikasten dute guztia, eta beraz, abesti korapilatsuegiak ez dituztela hartzen nabarmentzen dute. «Taldea sendotuta daukagunean hortik gora joango gara. Baina, aurretik ikasi egin behar da joten, taldean joten». Euren abestiak egiteko gogoa dutela aitortzen duten arren, bertsioak egitea oso egokia dela ikusten dute ikasteko. «Umeak nagusiei berbetan entzun eta antzeratzen dioten modura guk ere horrela ikasten dugu, artista handiak imitatuz».
Joni eta Patxon TYA taldetik datoz, eta abesti korapilatsuagoak jotzen zituzten orduan, baina oinarria falta zitzaiela konturatu ziren. Beraz, oinarrira jo dute. «Abesti gaitzak joten badakigu, baina ez dakigu blues edo rock and roll arrunt bat joten. Hortik dator gure izena ere, rock and rolla doinu guztien oinarrian, esentzian dago eta; denen nahastea da, bluesa, countrya… eta oinarrira jo dugu berriz ere».
Denen gustuko kantak
22 kanta dituzte esku artean. Azken udan jotakoak gehienak, eta beste sei edo zazpi prestatzen dabiltzanak. Lehenengo urtean Johnny Hooker, Johnny Cash, eta Eric Claptonenak bluesak jotzen zituzten kontzertuetan. Aurten, berriz, errepertorioa aldatu eta doinu rock and rolleroagoak sartu dituzte. «Urtero ahalegintzen gara aldatzen. Beti esaten dugu bost bat kanta aldatuko ditugula, baina, azkenean, denak aldatzen hasten gara».

Kalean egindako beste emanaldi bat.
Oraingoan baina, tentu ibili dira eta hamar kanta inguru aldatu eta horiek ondo prestatzea erabaki dute. Bai eta gehiago jotzea ere. «Lan asko egiten dugu prestatzen eta entsegatzen baina gero, lan hori gutxi kaleratzen dugu». Horrela, aurtengo helburua zuzenekoak gehiatzea izango da. «Ikasten doguzenak mantendu, beste berri batzuk sartu eta berriak behar den modura ikastea dugu helburu».
Lau laguneko talde bat izanik era askotako gustuak batzen dira, eta taldekide guztien gustuko kantak jotzeko ahalegina egiten dute, errepertorioa aberastuz.
Bakoitzak doinu batzuk proposatu eta errepertorio bat osatu dute. Hala ere, denetarik jo beharrean estilo bat definitzen hasi dira. «Erritmo apurketa gehiegi egin barik». Baina, hiru-lau kanta berezi ere eskaini nahi dituzte, «publikoa txunditzeko».

Rock and roll expres
Entsegatzea ez da erraza. Talde guztia batzeko komeriak izaten dituzte, bakoitzak bere gauzak ere badituelako, baina, konpontzen dira. «Azken finean talde bat taldean egiten da. Nahiz eta etxean entsegatu talde lana funtsezkoa da talde bat izateko, berebizikoa», diote.
Zuzenean aritzea gustatzen zaie. “Ilusioagaz ikusten gaituzte eta publikoa gustura dagoela ikusten da”
Hamabost talde daude Lekeition eta kultur etxeko aretoan, bakoitzak bere ordutegia dauka, gogor defendatzen dutena. «Ez bazara joaten lekua hartzen dute».
Zuzenean jotea gustura hartzen dute. Tabernatan, txiringitoetan eta faroan jo dute. «Sei lekutan ere jo dugu hilabetean». Baina, jendeari gustatzen zaiola nabaritu dute, erantzun ona eduki dute orain arte. «Ilusioagaz ikusten gaituzte eta gustura daudela ikusten da». Eta ilusio horrek eramaten ditu aurrera, rock and rollaren azken muturrera.