Iazko Espainiako txapeldunak ezin izan du aurten tiro olinpikoan lortutako titulua berretsi. Asteburuan Bartzelonan (Herrialde Katalanak) jokatutako txapelketa nagusian Ager Solabarrieta tiratzaile ondarrutarrak ez du maila ona erakutsi, eta laugarren amaitu du 60 tiro zutikako kategorian; guztira, 545 puntu lortu dituzte Solabarrietak eta Maite Badiolak bere laguntzaileak.
Espainiako txapelketan berriro parte hartu ahal izatea esperientzia polita izan dela nabarmendu du Solabarrietak. “Aurten jokatu ditudan txapelketa guztietako emaitza guztiak ikusita, egia esan, ez nuen irabazteko esperantzarik. Denboraldi osoan karabina berriagaz izan ditudan arazoen ostean, ez nago kexatzeko moduan. Hain zuzen ere, Espainiako txapelketan parte hartzeko sailkatzea lortu, eta laugarren amaitu dut eta”.
Ager Solabarrieta Espainiako txapelketan parte hartzen. Argazkia: Maite Badiola
Txapelketan nahikoa urduri egon zela aitortu du Solabarrietak, eta horrenbestez, nahikoa huts egin zituen. “Dianan oso gutxitan jo nuen. Egia esan, 10 puntuko askoren ordez, nahi baino 7 eta 8 puntuko tiro gehiago egin nituen”.
Bartzelonan jokatutakoa, denboraldiko azken txapelketa izan da, eta orain atseden hartuko duela azpimarratu du. “Atseden hartuko dut , eta aste batzuk barru, hasiko naiz denboraldi berria prestatzen. Aurtengoa oso denboraldi txarra izan da, eta 2016an hobetu beharrekoak hobetzen saiatuko naiz “.