Zapatuan [abenduak 19] garaipen garrantzitsua lortu zuten Etxabururen eta Plazaren mutilek. Santurtziri 3-0 irabazita, Gabonetako etenaldira “lasaitasunagaz” heldu dira Aurrerako nagusiak, “euren buruan konfiantza berreskuratuta”.
Hain zuzen ere, azken partidetan lortutako emaitza onei esker, taulako azken postua atzean utzi, eta 18. postuan amaitu dute urtea. 15 puntugaz, jaitsiera postuetan jarraitzen badute ere, mailari eustea nabarmen hurbilago dute orain. Azken garaipenari esker, mailari eustea “gero eta hurbilago” dagoenaren iritzia dute ondarrutarrek, horretarako baina, lan asko egin beharko dutela nabarmendu dute.
Aurrerako jokalariak eta talde teknikoa zapatuko garaipena ospatzen, Zaldupeko aldageletan. Argazkia: Aurrera
Aurrerak partida ona egin zuen, eta santurtziarren aurka nagusitasuna erakutsi zuen. 12. sailkatuei erraz irabazi zien, eta garaipen horri esker mailan mantentzea posible dela sinesten hasi dira. Etxeko taldeak lehen minututik indartsu irten zuen zelaigunera. Horren adibide izan zen Eneko Ibarluzeak 7. minutuan lortutako lehen gola. Santurtziko atzelariek egindako akats bati esker egin zuen gola Ibarluzeak.
Markagailua alde edukita, etxeko taldeak eroso jokatu zituen hurrengo minutuak. Santurtzik gol aukeraren bat edo beste izan bazuen ere, Aurrerako atzelariek ondo erantzun zuten, eta ondo babestu zuten Alejandroren atea. Lehen zatia 1-0 amaitu zen.
Aurrerako jokalariak gol bat ospatzen. Argazkia: Aurrera
Atsedenaldiaren ostean, Santurtzik hainbat aldaketa egin zituen, eta bi gol aukera izan bazituzten ere, Aurrerako atezainak sekulako geldialdiak izan zituen. Aurrerak, ostera, 50. minutuan beste gol aukera bat izan zuen, eta partidako bigarren gola sartzea lortu zuen Jon Etxaburuk.
Bigarren golaren ostean, Etxabururen eta Plazaren mutilek jokoaren kontrola hartu zuten, eta hirugarren gola sartu zuten 70. minutuan. Jon Etxaburu aurkarien areara iritsi, eta Julen Aruferi erdiraketa eginda, lortu zuten etxekoek azken gola.