Erabakita dago zeintzuk izango diren Euskal Herriko Kluben II. Txapelketa Nazionaleko final laurdenak jokatuko dituzten zortzi klubak. Gipuzkoatik iazko azpitxapelduna izan zen Usurbilgo Pagazpe, Amezketako Zazpi-Iturri eta Tolosako Aurrera-Saiaz sailkatu dira; Nafarroatik, final laurdenetara pasatu diren klubak hiru izan dira: Ultzamako Buruzgain, Huarte eta Irurtzun; Arabako ordezkaritza, Gasteizko Zaramaga klubak beteko du, aurten ere final laurdenetan jolastuko du eta.
Bizkaiako ordezkari bakarra, Markina-Xemeingo taldea izango da.
Markina-Xemeingo taldea Euskal Herriko Herriarteko Eskupilota Txapelketa jokatzen. Argazkia: Eneritz Albizu /Urola Kostako Hitza
Final laurdenetan egongo diren zortzi klubetatik bostek iazko txapelketan parte hartu zuten antolakuntzak hala zehaztuta. Lehen aldiz txapelketa horretan parte hartzen duten klubak, beraz, hiru dira, eta horien artean dago Markina-Xemeingoa. Ultzamako Buruzgain eta Irurtzun dira beste talde berriak.
Antolatzaileen ustez, bigarren edizio honetako txapelak janzteko hautagai faboritoak Irurtzun, Usubilgo Pagazpe, edo Ultzamako Buruzgain dira. Hala ere, klub guztiak talde hoberenagaz aurkeztu dira txapelketara. Markina-Xemeingo taldean Arrizabalaga, Urizar, Albizu, Zugadi eta Castillo pilotariak ari dira jokoan, emaitza ezinobeak eskuratzen.
Final laurdenetatik aurrera, txapelketa gogorra geratzen da.
Gasteizko Zaramaga kluba izango dute Markina-Xemeingo esku pilota taldekoek aurkari. Zapatuan [abenduak 26] jokatuko dute partida bi taldeek, 17:00etan, Amezketako Larrunarri frontoian. Antolatzaileek erabakita, final laurden guztiak, final erdia eta finala bertan jokatu dira. Zapatuko norgehiagoka irabaziz gero, urtarrilaren 9an jokatuko luke final erdia Markina-Xemeingo taldeak.