Hirugarren urtez jarraian, herriko kirolari zein taldeei “merezitako omenaldia” egin nahi izan die
Mutrikuko Udalak. Kirol munduan dabiltzan eta ibili diren pertsona edo eragileei eskerrak eman nahi izan die udalak Kirol Galaren bitartez.
2014-2015 denboraldia kontutan hartuta, lau sari banatu ziren barikuan [abenduak 18] egindako ekitaldian. Horietako lehena,
Kirolari onena saria, Ugaitz Mugertza aizkolariak jaso zuen Jose Angel Lizardi alkatearen eskutik. Txemi Galarraga galaren aurkezleak azaldu zuen modura, aitaren pausoen atzetik ume-umetan hasi zuen kirol ibilbide luzea Mugertzak.
Jose Angel Lizardi alkatearen eskutik jaso zuen saria Ugaitz Mugertzak
Gaztea baldin bada ere, hainbat sari jaso ditu. Aurten, esate baterako, denboraldi borobila egin du Iturritza baserriko semeak. Aitzol Atutxarekin batera bigarrenez irabazi du Urrezko aizkora eta lehenengo mailan mantentzea lortu du.
Mugertzaren atzetik,
talde onena saritu zuten:
Jauja Saskibaloi taldea. Asier Estankona
RiuĀ entrenatzaileak jaso zuen taldeko guztien izenean saria. Duela bederatzi urtean hasi zen lanean taldea, eta urteak pasa ahala 13 mutilez osatutako senior mailako taldea dute orain. Taldea, guztira, 18 jokalarik osatzen dute, eta etorkizunera begira, Jaujaren erronkarik garrantzitsuena nesken taldea osatzea da.
Saria jasotzen hurrengoa Sorginerreka eskalada taldeko
Igor Mendizabal Goxerri izan zen. Goxerrik Idoia San Martin zinegotziaren eskutik jaso zuen
Ibilbide Onena saria, orain arte izandako kirol ibilbide onagatik. Alpinismoan jarduten duten beste batzuen besteko oihartzunik ez baldin badu izan ere, hainbat lorpen izan ditu bere kirol ibilbidean. Erabat hunkituta jaso zuen saria, eta mendian bizia galdu duten lagunei eskaini zien saria.
Jose Inazio Urkiri eta Josebe Astigarraga
Azkenik,
Jose Inazio Urkirik jaso zuen
Aipamen berezia saria Josebe Astigarraga kirol zinegotziaren eskutik, kirolaren inguruan egindako lanagatik.
Bere kirol ibilbidea futbolari modura hasi zuen, eta hainbat lorpen egin zituen Mutriku Futbol Taldeko kideekin batera. Gerora, kirol jarduera askoren ekintzaile eta bultzatzaile izandakoa ere bada Urkiri, eta besteak beste, Danok Bat Pelotazale Elkarteko sortzaileetako bat ere bada. Pozik jaso zuen saria, eta Danok Bat elkartea sortzen lagundu zuten guztiak gogoan izan zituen.
Kirol galako sarituak, ezkerretik eskumara: Urkiri, Estankona, Mutrikuko alkatea, Mugertza eta Mendizabal
Bestalde, sari banaketa egin aurretik berdintasunari buruzko mahai inguruan parte hartu zuten herriko hainbat taldeetako sortzaileek eta neskek. Bertan parte hartu zutenek euren kirol esperientziari buruz hitz egiteko aukera izan zuten, eta kasu batzuetan, emakume izateagatik bete beharreko erronkei eta zailtasunei buruz ere aritu ziren.
Berbaldia eta gero, parte hartzaile eta talde guztiek oroigarri bana jaso zuten alkatearen eskutik. Guztiek txalo zaparrada artean jaso zituzten opariak. Tartean, hainbat jendek egindako lana eskertzeko aukera egon zen. Mutriku Futbol Taldeak, esate baterako, Sandra Gutierrezi eskaini nahi izan zion oroigarria.