Kolore, tamaina, adin eta neurri ezberdinetako pertsonak izan dira protagonista egunotan Markina-Xemeinen. Uhagon kulturgunean, kultur aretoan, Zear kalean zein herriko denda batzuetako erakusleihoetan egon dira ikusgai. Kartoizko kaxak margotuz, paperagaz argazkia osatuz edo irudiak eginda, sortu dituzte herriko artista txiki eta gazteek. Irudimena eta sormena besterik ez dute erabili Markina-Xemein era guztietako bizilagunez hornitzeko.
Sormen Lantegiko ume eta gazteek egindako lanak ikusgai egon dira Uhagon kulturgunean.
Ikasturteko lehen hiruhilabetea bete du Sormen Lantegiak eta egindako lana kaleratu nahi izan dute, herritar guztiekin partekatzeko. Gorputza landu dute denbora tarte honetan, era askotara, irudimenaz baliaturik. Eta errealitatean bezalaxe era guztietako pertsonak sortu dituzte.
Birziklatuz sortzen
Oporren ondoren jarraituko du Sormen Lantegiak, baina Gabonetarako ere Birziklatuz sortzen izeneko tailerra antolatu dute Deiene Gartziak eta Nerea Unanuak. Abenduaren 28an eta 29an eta urtarrilaren 4an eta 5ean izango da 10:30etik 12:30era arte eskolan. Izena eman behar da aurretik.
Birziklatuz sortzen tailerraren irudia. Argazkia: Sormen Lantegia