Lekeitioko Zinemazaleen urteko batzar nagusia egingo da zapatuan [abenduak 26], 11:30ean, Ikusgarri zine aretoan. Hasieran kultur etxean egingo zela aditzera eman bazuten ere, azkenean zine aretoan izango dela azpimarratu dute elkarteko kideek.
Zinemazaleen batzarrerako deialdia. Kartela: Zinemazaleak
Diru kontuen berri eman eta proiektu eta egitasmo berriei buruz hitz egingo dute. Horrez gain, bazkideen proposamen eta iradokizunak mahai gainera ateratzeko aukera egongo dela azaldu dute. “Zatoz eta parte hartu, auzolana eta partaidetza ezin bestekoak dira eta ekimen hau aurrera ateratzeko”.
Ikuskizuna
Bestalde, abenduaren 29an Lekeitioko Zinemazaleen Elkarteak, Lekeitioko Udalaren laguntzagaz, umeentzako ikuskizun dotore bat antolatu du Ikusgarri aretoan. Irrien Lagunen Klubeko Ane eta Piratekin ospatuko dute festa, 18:00etan. Ikuskizunagaz gozatu nahi izanez gero, kultur etxean, arratsaldez soilik, eros daitezke sarrerak 5 euroren truke.
“Laster gabonak datozkigu eta guztiontzat egun bereziak diren arren, etxeko umeetan da garai honek benetako zirrara eragiten duena. Zinemazaleen elkartean hori jakin badakigu, baita umeak gure bazkidetza eta ikuslegoaren zati garrantzitsu bat direla ere, horregaitik eta udaletxearen laguntzarekin omenaldi txiki bat prestatu diegu jaialdi gisa”, esan dute.
Irrien Lagunen Klubeko Ane eta Piratak.