Belaunaldi oso baten kronika dakar Akerbeltzera Gilkitxarro antzerki konpainiak bihar [urtarrilak 6], 20:00etan, Ane Zabala eta Galder Perez aktoreen eskutik. 40 urte bete dituzten bi protagonisten bizi osoko ibilbidea kontatuko dute, jaiotzatik hasi eta heriotzaraino, komedia kutsuarekin. Bizitakoaren nostalgia eta aurrera begirako zalantzak azaleratzen dira ‘Adarretatik zintzilik’ antzezlanean.

Adarretatik zintzilik, kartela.
Antzezlanaren laburpena: “40 urte bete berri duten pertsonaia bi krisian bizi dira. Senar-emazterik ez, seme-alabarik ez, autorik ez, hipotekarik ez… Mundu honetakoak dira ala adarretatik zintzilik bizi dira? Adarretatik zintzilik komedia da, laugarren paretarik gabeko komedia sentimentala eta kronika nostalgikoa. Ziria noraino sartu diguten konturatzeko berrogei urte bete behar izan dituzte batzuek.”
Antzezlana ikusteko sarrerak 2 euro balioko ditu.