Herritarrak kalera atera dira Errege Magoei eongietorria ematera, hotzari aurre eginda
Markina-Xemeinen, esaterako, urtero egin legez, udaletxean agertu dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Ostean, Goiko Portaletik atera dira, kalejiran, herritarrak agurtuz eta gozokiak banatuz.
Ondarroan, aldiz, berezia izan da aurtengo kabalgata. Izan ere, itsaso txarra zegoela eta, aurten, urteak atzera egiten zen modura egin dute kabalgata hiru Errege Magoek, lehorretik. Azken urteetan txalupaz agertzen baziren ere, duela urte batzuk zaldian ailegatzen ziren, eta herri osoa zeharkatzen zuten. Gaurkoan, portuan agertu dira, eta Latxanbre enparantzara arteko bidea egin dute. Behin han, umeak hartu dituzte, banan bana.
Mutrikun ere jendetza izan da nagusi urteroko hitzorduan. Errege bakoitza bere bidetik eta bere taldearekin ailegatu da Beheko Plazara. Hirurak elkartu diren tokira heltzen lehena, Baltasar izan da. Herriko Musika Bandak lagunduta ailegatu da Sanmikollatik irten duen segizioak. Atzetik heldu da, Atxukale paretik, Moilatik zetorren Gaspar eta bere segizioa, txistulariek lagunduta. Beheko Plazara heltzen azkena, Meltxor izan da. Mikel Deuna egoitzatik irtenda heldu da trikitilariek lagunduta.
Ondoren, Herodes erregearekin batu eta gero, Goiko Plazara arteko bidea egin dute, zaldiz. Behin Goiko Plazan, Jesus, Maria eta Jose agurtu eta euren opariak utzi dituzte, eliz atarian. Eta ostean, udaletxeko arkupean jarrita, umeak hartu dituzte, altzoan.
Lekeition ere kolorez jantzita ailegatu dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Eta kalejiran kolorea eta gozokiak lau haizetara zalbadu dituzte.