Ondarroako Libre dinamikak antolatuta, Mikel Etxaburu Osaren aldeko herri ekimena egingo da barikuan [urtarrilak 8], 20:30ean,
Arrigorri Ostatu Jatetxean. Barikuko ekimenagaz, hain zuzen ere, 04/08 auzian beste 34 ezker abertzaleko kiderekin batera epaitzen ari diren ondarrutarrari babesa eman nahi diote.

Mikel Etxaburu Libre asteburuko solasaldian parte hartzen
Epaiketa abenduaren 3an hasi zen, eta Gabonetako etenaldiaren ostean,
astelehenean [urtarrilak 11] berrekingo diete auzi saioei Espainiako Auzitegi Nazionaleko San Fernando de Henaresko (Madril, Espainia) egoitzan. Data hori kontutan hartuta, epaiketaren atarian elkartasun ekimena egitea erabaki dute ondarrutarrek. “Domekan Madrilera bidean irtetzen duenerako animoak eta indarra emango diola uste dugu ekimen honek”.
Antolatzaileek ekimen “herrikoi, xumea, eta hunkigarria” prestatu dute. Sarrera doakoa izango da, eta antolatzaileen esanetan, “ezustez betetako gaua” izango da. Etxabururi ezustekoa eman nahi diotela aurreratu dute, eta bera poesia idazlea dela kontutan hartuta, jarduera horregaz lotura estua izango du ekimenak. “Mikelen hainbat lagunek eta senideek poesia irakurketa masiboa egingo dute, musikagaz eta hainbat irudigaz lagunduta”.

Mikel Etxaburu Ondarroako plaiko zubiaren ondoan
Gonbidatu bakoitzak aukeratutako olerki bat irakurriko du, eta tartean, Etxaburuk berak idatzirikoak entzuteko aukera ere egongo dela ere nabarmendu dute. Ostean, luntxa egingo da.
Antolatzaileek Mikel Etxaburu eta gainontzeko auzipetuei babesa adierazteko gonbitea luzatu diete herritar guztiei. “Ekitaldi polita eta hunkigarria izango dela uste dugu”.