Ugaitz Mugertzak eta Aitzol Atutxak ondo baino hobeto hasi dute denboraldia. Azken bi urteotako txapeldunek, hain zuzen ere, XVI. Eusko Label sariko urrezko kategoriaren binakako txapelketaren lehen jardunaldia irabazi zuten domekan [urtarrilak 3] Debako (Gipuzkoa) Aldats pilotalekuan.
Aizkolari mutrikuarrak eta dimoztarrak sasoiko daudela erakutsi zuten Jon Rekondo eta Ruben Saralegiren aurka. Jokoan zeuden lehen bi puntuak lortzeko 18 minutu eta 51 segundo behar izan zituzten, aurkariek baino minutu bat gutxiago; Rekondok eta Saralegik, ordea, 19 minutu eta 58 segundo behar izan zituzten lanak amaitzeko.

Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertza iazko Urrezko Aizkorako txapelarekin. Argazkia: Urola Kostako Hitza
Lehen jardunaldiari dagokionez, bikote bakoitzak sei proba ezberdinetan banatuta, hamabi enbor moztu behar izan zituen. Lanei dagokionez, ordea, aurrea hartzen lehenak Rekondo eta Saralegi izan izan. Lehen bost probetan, esaterako, aurretik ibili zen bikote nafarra, eta jardunaldiko azken probara minutu erdiko aldearekin heldu ziren.
Jardunaldiko probarik luzeenean eta zailenean, aldiz, Mugertza IIa eta Atutxa IIa finago ibili ziren. Kana-erdiko lau eta 60 ontzako bi enborrak aurkariek baino minutu eta erdi arinago moztea lortu zuten, lehen kanporaketa irabaziz.

Mugertza iazko txapelketako finalean, lanean. Argazkia: Urola Kostako Hitza
Hurrengo jardunaldiari dagokionez, bihar [urtarrilak 6] jokatuko da Zerainen (Gipuzkoa). Donato Larretxeak eta Iñaki Azurmendik, Joseba Otaegi eta Juan Jose Lopez Azpilikueta izango dituzte aurkari.
Bestalde, Atutxak eta Mugertzak domekan [urtarrilak 10], 12:30ean, jokatuko dute hurrengo kanporaketa, Urrestillan (Gipuzkoan). Xabier Orbegozo
Arria V eta Mikel Larrañaga izango dituzte aurkari.
Sei bikote
Kategoria nagusiko bikotekako txapelketari dagokionez, sei bikoteren artean jokatuko da. Bikote horiek taldeetan hirunaka banatuta jokatuko dituzte kanporaketak: A eta B taldeetan. Talde bakoitzeko txapelduna zuzenean pasako da finalera. Bi bikote horiez gain, bigarren aukera izango duen bikoteak ere jokatuko du final handia otsailaren 28an, Azpeitian.
A taldean honako hiru bikoteak daude: Ugaitz Mugertza II-Aitzol Atutxa II, Jon Rekondo-Ruben Saralegi eta Xabier Orbegozo
Arria V -Mikel Larrañaga. B taldea, aldiz, honako aizkolariek osatzen dute: Donato Larretxea-Iñaki Azurmendi, Joseba Otaegi-Juan Jose Lopez Azpilikueta eta Lawrence O’Toole-Iker Vicente.