Soziologia ikasketak egin ostean, orain, Gizarteratzea ikasten ari da
Irati Gaztelurrutia Solabarrieta ondarrutarra (Ondarroa, 1991). Ideiak argi-argi dituen emakumea da, eta orain, “estereotipoen aurka egiteko”, modelo lehiaketa baten parte hartzen ari da.
Zelan sartu zinen moda munduan? Zaletasunak eraginda?
Egia esan aldarrikapen puntu bat dago guzti honen atzean. Gizartea estereotipo batzuen arabera dago antolatuta eta nik ez ditut estereotipo horiek onartzen. Horri aurre egitea izan da nire asmoa. Horrez gain, ausardia erakutsi eta zarata egin nahi izan dut. Bi helburu horiei jarraituz egin izan ditut argazki saioak. Eta
casting-era ere arrazoi horiengatik aurkeztu nintzen.

Irati Gaztelurrutia
Estereotipoak hautsi nahi izan dituzu, beraz.
Hori da, zalantza barik. Azken finean, beste ikuspegi bat ematea da kontua. Erakusten diren estereotipoen aurrean guk beste argi bat daukagula erakutsi nahi izan dut.
Zure ingurukoek zer esaten dizute? Zer nolako erantzuna jaso duzu?
Oso harrituta geratu naiz. Jendea oso pozik agertu da eta babesa eman didate. Hasiera baten pentsatu nuen
casting txiki batera aurkeztea zela dena. Eta azkenean, hori zabaldu egin da eta erantzuna oso ona izan da; jendea oso hurbil sentitu dut.
Nola edukitzen duzu casting-en berri?
ModelosXLren
casting-a lehendabizi egiten dudana da. Aurretik pare bat argazki saio-eta egin izan ditut baina ez naiz inora aurkeztu izan; hasiberria naiz. Facebook bidez jakin nuen
casting-a egitera zihoazela.

I.Gaztelurrutia. Argazkia: Photos PGC-Pili Garcia
Zertarako izan da casting-a?
ModelosXL-k Espainiako Estatu mailan hamabi hiriburutan egiten ditu
casting-ak, tartean Donostian. Eta ni horra joan nintzen. Lehiaketa bakoitzean, 30 bat emakume aukeratzen dituzte (hilabete bakoitzak dituen egunak beste). Kasu honetan (urtarrila), beraz, 31 emakume. Gero,
ModelosXL webgunearen bitartez, bozketa bat egiten da, hurrengo hileko lehenengo hamabost egunetan. Eta horretan, herritarrek eman ahal dute botoa eta gustukoen duten modeloa aukeratu; bakoitzak egunean behin eman ahalko du botoa. Hilero, beraz, emakume bat aukeratuko du publikoak.
Eta hilabete bakoitzeko irabazleek zer egiten dute gero?
Gero, hamabi emakume horiek Espainia mailan egingo den lehiaketa baten parte hartuko dute, epaimahai batekin eta abar. Nik uste otsailaren 1etik aurrera eman ahal zaiela urtarrileko modeloei botoa, ni tarteko. Azken finean, ModelosXL ez da agentzia bat eta lehiaketa honen helburua zarata ateratzea da; asmoa da moda munduko estereotipoen aurka egin eta bestelako irudi bat erakustea.

Gaztelurrutia, argazki saio baten. Argazkia: Photos PGC-Pili Garcia
Aurrera begira, noraino heltzea gustatuko litzaizuke?
Momentuz pozik nago, eta ez daukat helburu zehatzik. Probatzeko joan nintzen
casting-era, eta begira orain. Nik mundu honen barruan dagoena ikusi nahi izan dut. Hona aurkezten garen neskok ere gauza bera jakin nahi izan dugu. Gainera, guztiok gaurza bera pentsatzen dugu: ez garela gizarteak ezarritako mugak onartzen ez dituen bakarrak eta edertasunaren kanona oso nahastuta dagoela. Horixe izan da nire asmoa, ikustea eta abentura hau bizitzea. Gero, datorrena datorrela.
Leihoa, beraz, zabalik utziko dugu.
[Kar-kar-kar] Hori da.

Irati Gaztelurrutia. Argazkia: Photos PGC-Pili Garcia