Orain bi urte pasatxo
Dressed in music diseinu berezidun kamisetak sortu zituzten hiru gaztek Belgikan. Kamisetek, hain zuzen ere, musika entzutea errazten dute. Proiektuaren sortzaileen artean da Iban Arriola Arantzamendi (Markina-Xemein, 1985).
Zelan sortu zen ideia?
Diseinu berezia zuten kamiseten proiektu modura hasi zen. Katia de Migueli –kamiseten diseinatzaile gasteiztarra– eta beste lagun bati diseinu berezia zuen kamiseta bat egitea bururatu zitzaien. Kamiseta horiek, gerokoan, arrakasta handia izaten hasi ziren, eta diseinu bereziagaz batera, kamisetek beste elementu bereizgarri bat izan behar zutela bururatu zitzaien. Niri ere eurei laguntzeko eskatu zidaten.
Zein da bereizgarri hori?
Musika betidanik gustatu zaigu, eta ideia hori kamisetekin batzea bururatu zitzaigun.
Iban Arriola Dressed in music kamiseta bat soinean duela. Argazkia: Dressed in music
Zuek sortutako kamisetak interaktiboak dira. Horietako bat soinean jantzita, zer egin behar da musika entzuteko?
Kamisetak berak diseinuan duen QR kode bat mugikorragaz irakurri ostean, webgune berezi batera eramaten zaitu, eta han aukeran dauden kantuak entzun ahal dira.
QR kodeen ordez NFC teknologia erabiltzen duten kamisetak ere sortu dituzue, ezta?
Hori da. QR kodeak nahikoa lan gehiago ematen dio erabiltzaileari, eta erabilera errazte aldera, aukera berriak aztertzen hasi ginen. Gaur egungo mugikor gehienek NFC teknologia erabiltzen dutela jabetuta, kamisetetan NFC txipak sartzea erabaki dugu. Guretzat ere, gainera, erosoagoa da. Lehen, diseinua eta irudia bera ere QR kodera moldatu behar izaten genituen, eta orain, ostera, diseinuak ez du horretara mugatu beharrik.
Eta NFC txipdun kamisetek nola funtzionatzen dute?
Mugikorrean NFC aktibatu eta mugikorra txipera hurbildu besterik ez dago.
Kamisetei dagokionez, guztiek musika berbera entzuteko aukera eskaintzen dute?
Ez, diseinu bakoitza musika mota batera pertsonalizatuta dago. Hau da, diseinuaren arabera, musika zerrenda bat edo beste bat izango da aukeran. Musika erreproduzitzeaz gain, entzuten ari zaren kantua gustatuz gero, berau jaisteko aukera ere badute erabiltzaileek.
Kamiseta bakoitzaren arabera, kantu zerrenda bat edo beste agertzen da. Baina abesti horiek nola lortzen dituzue?
Hainbat talderekin kontaktuan gaude, eta haiei esker lortzen ditugu zerrenda horietan agertzen diren kantuak. Beste kasu batzuetan, gure produktuagaz interesatuta, taldeak eurak ere jartzen dira gurekin zuzenean harremanetan. Izan ere, gure jantzietan erabiltzen ditugun abestiak ezin ditugu soilik gustukoak ditugulako hartu; hori guztia posible egiteko hainbat baimen behar izaten dira. Taldeekin kontatuan jarri, eta kanta horiek erabiltzeko baimenaren inguruko kontratu bat sinatzen dugu. Azken finean, proiektu honen bidez, hainbat talde ezagutzera ere ematen dira, eta musika taldeek jendearengana hurbiltzeko plataforma bezala erabiltzen gaituzte. Elkarrekin daukagun harremana oso estua da: guk euren kantak erabiltzen ditugu, eta eurek, ordainetan, gure kamisetak. Elkartrukea egiten dugu, eta elkartruke hori denontzako onuragarria da.
Diseinu eta teknologia berezidun kamisetak dira, baina garbitzerako orduan era berezi batean garbitu behar al dira?
Ez, edozein kamiseta garbitzen dugun legez garbitu daitezke. Gure jantziak bakoitzak nahi duen modura garbitu edo erabili daitezke. Norbere ohituren arabera, eskuz edo garbigailuan garbitu daitezke, ez dute tratamendu berezirik behar. Nahi izanez gero, lisatu ere egin daitezke; hori bakoitzaren arabera.
NFC txipei dagokionez, horiek ez dira hondatzen?
Ez, ez. Txiparen egileen arabera, 300 aldiz garbitu daitezke.
Kamisetekin lotuta, gainera, mugikorrentzako aplikazio bat ere sortua duzue, ezta?
Musika erreproduktorea martxan jartzeko, beharrezkoa da interneterako konexio bat, baina musika entzun nahi duzun bakoitzean mugikorraren datuak xahutu nahi ez badituzu, horretarako guk propio sortutako aplikazioa erabiltzea ere badago.
Aplikazio hori mugikor plataforma guztientzako sortu duzue?
Oraingoz, Androideentzako sortu dugu, baina etorkizunean beste plataformetarako ere prest edukitzea nahi dugu. Horretan lanean ari gara.
Iban Arriola Arantzamendi. Argazkia: Dressed in music
Kamisetez gain, beste produktu batzuk ere sortu dituzue.
Diseinu eta itxura aldatzen etengabe ari gara, eta merkatuari egokitu nahian, beste produktu batzuk ere sortu ditugu. Jertse elastikoak eta poltsak ere egin ditugu, eta orain gutxi alkandora merkaturatu dugu.
Etorkizunera begira ezer gehiago prestatzen ari zarete?
Beti gauza berriak probatzen ari gara, eta hainbat ideiaren inguruan lanean ari gara, baina oraingoz, ez dugu ezer berezirik pentsatu.
Diseinu bereziak egin ohi dituzue beti, baina bada tartean, lagunei eskainitakoa.
Lagunak eta etxekoak aipatzen nituen bakoitzean, Limones salvajes de Markina deritzon kontua behin baino gehiagotan errepikatzen nion Katiari, eta diseinatu genuen bigarren kamiseta gai horri eskainia izan zen.
Proiektuak berak hainbat sari jaso ditu. Zuena moduko proiektu txiki batentzat, horrek zer suposatzen du?
Ideia on askoren artean norberarena aukeratua izatea oso pozgarria da. Proiektua jendeari gustatzen ari zaiola ikusten ari gara, baina, horrez gain, garatu dugun ideia ere gustatzen ari da. Maila handiko beste proiektu batzuen artean sarituak izatea beti da polita.
Lehen kamiseta interaktiboa merkaturatu zenutenetik zelan aldatu da zuen proiektua bera?
Zaletasun modura hasi genuen, eta orain proiektu nahiko handia bihurtu da.
Pozik zaudete kamisetek lortu duten arrakastagaz?
Oso gustura gaude. Jendeak gero eta gehiago ezagutzen gaitu, eta ilusioa ere egiten du kalean norbere produktuak soinean dituen jendearekin topo egiteak. Orain, gainera, produktua ezagutara emateko Market deritzoten azoka berezietara joaten hasi gara.
Eta, zelan doa esperientzia?
Ondo. Beste bezero batzuekin kontaktuan jarri eta horien iritzia berta-bertatik entzuteko aukera dugu. Horrez gainera, ideia berriak jasotzeko ere toki ona dira.
Hainbat musika talderekin harreman estua duzue. Horien inguruko kanpainak ere egiten dituzue, ezta?
Taldeekin noizbehinka kontzertuak egiten ditugu. Orain, gainera, azoketara joaten garen bakoitzean kontzertuak eskaintzen ditugu. Ideia oso ona da; azoka bera asko girotzen duelako, eta, bide batez, gure marka sustatzeko ere aukera ona delako. Esperientziagaz oso gustura gaude, eta gurekin batera lan egiten duten musika taldeetako asko arrakasta lortzen ari dira azkenaldian. The Owl Project deritzon taldeak, esaterako, Logroñoko Actual jaialdiko banden arteko lehiaketa irabazi du. Sari legez, 2017ko jaialdian jotzeko aukera izango dute.