Konfiantzaren pedagogiaren inguruko hitzaldia antolatu du Markina-Xemeingo Bera Kruz Ikastolak
Bera Kruz Ikastolak antolatuta, Konfiantzaren Pedagogiaren inguruko hitzaldia egongo da urtarrilaren 15ean, 17:00etan, Markina-Xemeingo Kultur aretoan (frontoi txikiaren gainean). Rafael Cristobal Konfiantzaren Metodologian adituak emango du hitzaldia. “Umearen hasierako urteen garrantzia, umeak esan nahi diguna nola ulertu eta hazkuntza prozesuan kontutan hartu beharrekoen inguruan arituko da Cristobal” aurreratu dute.
Haurra ulertzea helburu duen Konfiantzaren Pedagogia metodologia, 0-6 urte bitarteko haurren esperimentazioan eta behaketan oinarritzen da. Etapa sentikor eta emankorrena da hori, haurraren geroko garapenaren oinarri guztiak finkatzen diren etapa, hain zuzen ere. Haurrak bidaltzen dituen seinaleak modu egokian interpretatzea bilatzen du metodologia horrek.
Rafael Cristobal medikuntza, neurologia eta haur-psikiatrian doktorea da Madril eta Ginebrako Unibertsitateetan. Haurren garapenaren psikologiako irakasle izan da Mondragon Unibertsitatean eta Psikopatologiako irakasle Euskal Herriko Unibertsitatean. Familia eta haur-eskolen hezkuntzara bideratutako Hazitegi ikerkuntza programaren sortzailea da.