Urtero legez, aurten ere hainbat sari banatu ditu Ondarroako Zatozte dendari elkarteak. Gaur [urtarrilak 8], hain zuzen ere,
Herrian erosteak saria dauka! lelopean egin den Gabonetako kanpaina bereziko irabazleek sariak jaso dituzte. Guztiek pozik jaso dituzte goizean Zatozteko bulegoan herriko dendetan erosketak egiteko txeke bereziak. Ostean, taldeko argazkia ere atera dute.
Guztira, 6.000 euro banatu dira saritan: hau da, 100 euroko 60 sari zozkatu dira azken kanpainan erosketak egin dituzten herritarren artean. Sarituei dagokionez, gaurtik hasita, saria egokitu zaien saltokian bertan txekea gastatzeko hilabeteko epea izango dute.
Zatozteren zozketako irabazleak, saria eskuetan dutela.
Zatozteko ordezkariak pozik agertu dira Gabonetako kanpainaren ostean. “Kanpaina honetan nahikoa jendek parte hartu duela nabaritu dugu, eta hori dela eta, sariak ere oso banatuta egon dira. Herritarrez gain, eskualdeko herritarrei zein kanpoan bizi diren herritarrak ere izan dira irabazleak eta”.
Kanpaina arrakastatsua izan dela jakitun, hurrengo urteotan ere errepikatzen jarraitzeko asmoa agertu du dendari elkarteak. “Zozketa urte sasoi honetako klasiko bat bihurtu da. Izan ere, herrian erosteak saria baduela bultzatzea oso garrantzitsua da guretzat”.
Egunotan, merkealdiak hasten direla eta, Zatozteko saltokietan herritarrek deskontu bereziak izango dituztela ere gogoratu dute. Eguraldi onaren eraginez, neguko arropa, oinetako eta osagarri gutxi saldu dira azkenaldian, eta horrenbestez, hurrengo asteotan esperantza guztiak ipinita dituzte.