Gaur [urtarrilak 13] lortutako akordioaren arabera, 04/08 sumarioan auzipetuta dauden 35 ezker abertzaleko kideak, tartean da Mikel Etxaburu ondarrutarra, ez dituzte espetxean sartuko. Espainiako Auzitegi Nazionalak, horrenbestez, amaitutzat jo du epaiketa. Era berean, epaiketa baten erdian horrelako gertaera bat gertatzen den estreinako aldia da.
Biktimei erreparazioa eman nahi izateagatik, AVTk eta Dignidad y Justicia herri akusazioek zigorrak murrizte onartu dute gaurko auzi saioan. Fiskaltzaren, akusazioaren eta defentsaren arteko akordioa lortu ondoren, frogei ere uko egin diete.

04/08 sumarioko auzipetuak eta abokatuak, Espainiako Auzitegi Nazionaleko kanpoan. Argazkia: Jon Olano /Berria
Guztientzat hamarna urteko inhabilitazio eskaria eta kartzela zigorra eskatzen zituzten, eta orain, urte eta erdi, eta urte eta zortzi hilabeteko zigorrak adostu dituzte auzipetuentzat. Berri jakin eta gutxira, pozik agertu dira auzipetu guztiak. Gaurko akordioak “salbuespen araudiak amaitzeko” balio izatea espero dutela adierazi du Pernando Barrenak.
Auzipetuak, pozik
Momentu honetan, auzipetu guztiak Euskal Herrira bidean dira.
HITZAk Mikel Etxabururekin berba egiteko aukera izan du. Ondarrutarrak nabarmendu duenez, auzipetu guztiek pozik jaso dute berria eta
zigorragaz konforme geratu dira. “Dirudienez, Espainiaren interes gunea beste leku batzuetan dago jarrita eta, gu interes gune horretatik kanpo geratu gara. Guretzako eta Euskal Herriarentzako, oro har, gaurkoa ez da batere albiste txarra”.
Auzipetu guztiek aurretik ere kartzela zigorra beteta daukate, urte bi ingurukoa, eta horren arabera hartu dituzte gaur [urtarrilak 13] batari zein besteari zein zigor dagokion. Etxabururen kasuan, urte eta zortzi hilabeteko zigorra ezarri diote. Denbora tarte horretan, hortaz, ezingo du kargu publikorik eduki.

Mikel Etxaburu, barikuko elkartasun ekitaldian
Etxaburuk nabarmendu duenez, ez zuten espero akordio batera iristea. “Sekulako ezustekoa izan da. Iñigo Iruin gure abokatuak fiskalak deitu ziola, eta akordio batera iristea posible zela iragarri zigunean denok zur eta lur geratu ginen. Gure iritzia eskatu zigun, eta denok baiezkoa eman genuen. Egia esan, gure planteamendu eta perspektiba
guztia minutu batetik bestera aldaltu zaigu“.
Akordioari dagokionez, atzo [urtarrilak 12] saioaren ostean egin zieten akordioaren eskaintza. “Adostasun honen oinarria da guretako inor ez dela kartzelara joan behar, eta hori guretzako elementu oso garrantzitsua da. Gure ustez, momentu hau kartzelak husteko momentua da. Honegaz batera, espero dugu aurrera begira ere eragin positiboa izatea beste auzi batzuetan”.
Azkenik, Etxaburuk hilabete luze hauetan babesa eman dioten guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie, “egindako ahalegin guztiagatik”.
Bestalde, fiskaltzak eskatutako lekukoen deklarazioekin jarraitu du gaur Auzitegi Nazionalean egiten ari diren epaiketak. EHAk eta ANV alderdietan edota ezker abertzalearen izenean aritzeagatik ETAko kide izatea edo hari laguntza emateko leporatuta ari dira horiek epaitzen.
Abenduaren 3an hasi zen epaiketa, eta astelehenean [urtarrilak 11] berrikin zioten. Fiskalak eskatuta, zortzi poliziak deklaratu zuten, horietako hiruk Iruñeko eta Bilboko Indautxuko polizia etxetik egin zuten, bideokonferentziaz. Asteleheneko saioak ordubete eskas iraun zuen, izan ere, bideokonferentzia egiteko tresneriak hainbat arazo eman zituen.
(Iturria:
Berria)