Andoni Garcia Alkorta diseinatzaile ondarrutarrak egindako diseinua aukeratu dute Donostiako
dFeria XXII. Arte eszenikoen azoka irudikatzeko.
Kartela herenegun [urtarrilak 11] aurkeztu zuten Donostian, azokaren inguruan egindako aurkezpenean. Garciagaz batera egon ziren Miren Azkarate
Donostiako Udal kultura zinegotzia eta Norka Chiapusso dFeriaren zuzendaria ere. Azkarateren iritziz, ondarrutarrak sortutako obra “zoragarria” da. “dFeria 2016 izango dena ondo laburbiltzen du lanak”.
Azkarate, Garcia eta Chiapusso, kartelagaz. Argazkia: Lide Ferreira / Irutxuloko Hitza
Aurtengo gaia elkarrizketak izango da, eta kartelak ere horregaz zerikusi handia duela nabarmendu du Garciak. Horretarako bada, hainbat argazkirekin osatutako konposizioa aurkeztu du. Bertan dantzari bat agertzen da, eta marra urdin baten inguruan, hainbat pertsonen ahoak. “Dantzariaren argazkia ikusi nuen, eta horregaz zerbait egin beharko nuela iruditu zaitzaidan. Gerora, gaztelaniaz sarri erabiltzen den esaera zahar batetik sortu zitzaidan ideia.
Nork bere begiko zakarrik ez du ikusten esaera irakurri nuen aldizkari batean, baina esaera hori zentzu negatiboan erabili beharrean, zerbait positibo modura erabiltzea erabaki nuen. Hain zuzen ere, ingurukoen begiradapean beste bide batzuk ireki daitezkeela transmititu nahi izan dut”.
Andoni Garcia dFeriako kartelagaz eskuetan. Bere alboan agertzen diren ezker eskuma, Miren Azkarate eta Norka Chiapusso. Argazkia: Lide Ferreiro / Irutxuloko Hitza
Hainbat sari irabazi ditu ondarrutarrak. Azken sari garrantzitsua orain urtebete inguru irabazi zuen. Hain zuzen ere, berak sortu zuen
Gaztea-ko 25. urtemugako irudia ere. Diseinatzaile ondarrutarrak pozik jaso du 1.000 euroko saria. Sariagaz bere lanean esperimentatzen jarraitzeko erabiliko duen drone bat erosi du.