Asteon, oso arrain gutxi lehorreratu dute baxurako arrantzaleek Ondarroako Kalare Deuna kofradian. Itsasoaren egoera ez da batere ona izan, olatuak nahikoa handiak izan dira eta haize asko egon da egunotan. Arrantzatu den arrain kopurua txikia izan dela kontutan hartuta, gainera,
itsasoratu den ontzi kopurua ere oso txikia izan da. Egunotan, Ondarroan deskargatu duten ontziak hiru besterik ez dira izan.
Eusebio Arantzamendi Ondarroako Kofradiako presidentearen iritziz, ontzi kopurua hurrengo asteotan gehitzen joan liteke. “Itsasoak ez du laguntzen, eta horrenbestez, ez dabil ontzi asko. Arraina gehitu ahala, ontzi kopurua ere neurri berdinean haziko dela uste dugu. Horretan guztian, eguraldiak sekulako eragina du”. Hala, berdeleta hasi arte, Ondarroan ontzi gutxik deskargatuko dutela aurreikusten da.
Erosleak arrainaren kalitatea ikusten, Ondarroako kofradia aurrean
Kofradiak igorritako datuak kontutan edukiz gero, egunotan bentan, batez ere, buzten baltza, txitxarro zuria eta baltza, betandia, boba eta salba saldu dira. Gaur [urtarrilak 14], esate baterako, 720 kaxa buzten baltz saldu dira, eta prezioari dagokionez, bataz beste, 2,40 eta 1,60 euro artean ordaindu da kiloa. Horrez gain, txitxarro ale batzuk ere saldu dira.
Oro har, arrain kopurua txikia izan denez, nahikoa garesti saldu da bentan. Beste egunetako salmentei dagokionez, honakoak izan dira:
- MARTITZENA [urtarrilak 12]
- Txitxarro baltza. 1.200 kilo; 1,49 euro, bataz beste.
- Betandia. 6.600 kilo; 2,77 euro, bataz beste.
- Txitxarro zuria. 4.900 kilo; 4,65 euro, bataz beste.
- Boba. 1.000 kilo; 1,09 euro, bataz beste.
- EGUAZTENA [urtarrialk 13]
- Txitxarro baltza. 1.300 kilo; 1,59 euro, bataz beste.
- Betandia. 1.000 kilo; 3,14 euro, bataz beste.
- Boba. 7.600 kilo; 0,66 euro, bataz beste.
- Txitxarro zuria. 7.400 kilo; 4,03 euro, bataz beste.
- Buzten baltza. 2.700 kilo; 2,96 euro, bataz beste.
- Salba. 4.600 kilo; 1,60 euro, bataz beste.