San Anton jaiak ospatuko dituzte asteburu honetan, Markina-Xemeingo Barinaga auzoan. Egun nagusia domekan izango da, baina bezperatik hasiko dira barinagarrak ospakizunekin. Bertso afari handia prestatu dute, esate baterako, zapatu gauerako.

Frontoia bete egin zuen iazko bertso afariak. Argazkia: Barinagako jai batzordea
Joan den urtean ere bertso afaria antolatu zuten, eta Barinagako frontoia bete-bete egin zen bertsoak entzun eta lagunarteko giro onean afaltzeko. Beraz, aurten ere, koplak eta jan edana egiteko aukera eskainiko du auzoko jai batzordeak. Aurtengoan baina, bertsolariak Etxebarriko bertsolaria Joseba Artza eta Unai Iturriaga durangarra izango dira.
Txartelak salgai
21:00etan izango da ordua bertsolariekin. Afarian parte hartzeko baina, txartelak erosi behar dira aldez aurretik. Txartelak Baskaran estankoan edo Barinagako Kontzeju Zahar tabernan eskuratu daitezke 20 eurotan, ikasle eta langabetuentzat, eta 25 eurotan beste guztientzat.
Afalostea
Laja II eta Narbaizak girotuko dute.
Bertso afariagaz gain, urteroko
briska txapelketa ere jokatuko da,
16:30ean hasita. Sari handiak emango dituzte: lehenengo bikotearentzat txapelak eta 120 euro egongo dira, bigarrenentzat 80 euro, hirugarrenentzat 50 euro eta laugarrenak Santameñeko gazta bi eramango dituzte.
San Anton egunean auzoa ezagutzeko aukera egongo da baserriz baserri.
10:30ean hasita
pare bat orduko ibilaldia antolatu dute.
12:15ean izango da
meza nagusia, eta ondoren, meza ostekoa eta janariz betetako orgatxoaren zozketa egingo dira.