Herriko hainbat tokitan panel informatiboak jarri ditu Mutrikuko Udalak. Proiektuaz arduratu direnek nabarmendu dutenez, herritarrei zein bisitariei herriaren historia, monumentuen garrantzia eta bertako kultura eta ohituren berri emateko helburuarekin jarri dirak panelak.
Mutrikuko Udalak aurrera emandako egitasmoa, zehatz esanda, Euskal Kostaldeko Geoparkearen Interpretazio planaren baitan kokatzen da. 2012an aurkeztu zen Interpretazio Plana eta bertan zehazten da Geoparkea osaten duten hiru udalerrietako (Mutriku, Deba eta Zumaia) bakoitzari dagokion diskurtsoa, dagokion baliabide eta ezaugarrien araberakoa.
Jose Antonio Azpiazu, Beheko plazako panel informatiboaren aurrean
Mutrikun jarri diren panelek, hain zuzen ere, Euskaldunen itsasorako irekiera diskurtsoarekin bat egiten dute. Mutriku, euskal itsasoaren talaia izenburupean, guztira, hamahiru panel jarri dira herriko eraikin, kale eta gune garrantzitsuenetan. Panelak lau hizkuntzatan idatziak (euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez) daude, eta Mutrikuko historiaren, monumentuen garrantziaren eta bertako kultura eta ohituren berri ematen dute.
Panelen kokapenari dagokionez, horiek nun ipini ere kontutan eduki da. “Sarrera puntu baten egotea erabaki dugu, baina inguruko ezer oztopatu gabe. Hau da, oreka bilatzen saiatu gara”. Material aldetik ere, panelak material berezi batekin egin dituzte, horiek eguraldiarekin errez ez hondatzeko.
Panelak honako tokietan jarri dira (toki bakoitzean landu diren gaiak, era eskematiko batean azalduta):
Txurruka plaza. Harresien eraisketa, hirigintza berria. Parrokiaren estiloa eta eraikuntza…
Arrietakua jauregia. Gaztañeta eta Txurrukaren biografia eta lanak.
Olazarra-Mizkia jauregia. Garai oparoak, familia nabarmenak. Heraldika.
Berriatua dorrea. Merkataritza. Isabel Lobianoren historia. Antzinako elizaren kontrahormak.
Atxukale. Geologia eta portuak: badiak, ibaiak… Portuaren garapena: Evaristo Txurruka. Piratak eta gerrak.
Portua. Portuen bilakaera. Etorkizuneko bideak/erabilera berriak: aisia, akuikultura, energia berriztagarriak.
Loja zaharra. Eraikinaren jatorria. Arrain merkataritza.
Kofradi zaharra. Zer da kofradia bat? Antzinako eta gaurko egoitzak. Bentalekua.
Zubiaga plaza. Hiri-gutuna bale-arrantzale komunitate bati (1209). Erdi aroko hirigunearen egitura.
Beheko plaza. Emakumearen papera arrantza-komunitateetan.
Komentuko Santa Katalina eliza. Sorrera: Berriatua dorreko familia, Aritzeta dorrea. Itsas debozioa: Nazarenoa, himnoak eta salbeak eskari desberdinentzako, mojek eginiko tolentino pastak, itsasora eguraldi ona eskatzeko botatzen zirenak.
Portuko dorretxea. Kontserbagintza-industria tradizionalari buruzko diskurtsoa.
Astigarribia. Itsas-bazterreko portua, ontziola, merkataritza. Kostaldeko Donejakue bidea. Ibai pasabidea Sasiolatik. Jatorriko preromanikoa duen San Andres eliza.
QR kodeen bidez ikusi daitekeena
Bisitariarentzat bakarrik ez, panelek herritarrentzat ere interesgarria suertatu daitekeen informazioa eskaintzen dute, eta idatzitako testuez gain, hainbat eduki ere deskargatu ahal izango dira QR kodeen bidez. Hala nola, Txurruka plazan airetik grabatutako bideoa, pertsonaiara esanguratsuen inguruko animazioak edota informazio gehigarria ematen duten web guneetara loturak aurkitu ditzake bisitariak.
Aplikazio ludiko eta didaktikoa
Panelak aurreko astean jarri ziren, eta aurkezpen ofiziala barikuan [urtarrilak 15] egin zen, bisita gidatu eta guzti. Mutrikuko Udaleko, Euskal Kostaldeko Geoparkeko, Debegesa garapen agentziako eta Eusko Ikaskuntzako hainbat ordezkari bertan izan ziren.
Aurkezpenean, Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkateak proiektuaren nondik norakoak aurkeztu zituen, eta ondoren, Jose Antonio Azpiazu historialari eta antropologoaren eskutik, bisita gidatua egin zen panel turiskoen ibilbidea jarraituz.
Bisita gidatuan parte hartu zuten ordezkariak, Azpiazuren argibideak entzuten
Panelei dagokionez, Eusko Ikaskuntzaren bidez garatu dira 2015an, eta etorkizunera begira, batez ere, ikasleentzako pentsatuta dagoen aplikazio berri bat ere sortzen ari dira. Aplikazio hori hilabete barru erabilgarri egongo da eta izaera ludikoa eta didaktikoa izango ditu. “Interfaze erakargarria izango du, esploratzera animatzeko eta kontakizun hurbila eskainiko du. Aplikazioa berria garatzeko orduan erabili den interpretazio estrategia aurkikuntza jolasa da. Honen xedea Mutrikuko enigma asmatzea izango da”.
Lanen kostuari dagokionez, 38.000 euro + BEZ kostua izan dute. Eusko Jaurlaritzako, Garapen Ekonomikoa eta Lehiakortasuna saileko Itxaspen deritzon dirulaguntzetatik %58a lortu da ( 22.040 euro) eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza sailetik, aldiz, Gipuzkoa IKT: Udalak dirulaguntzaren bidez, aplikazioa garatzeari dagokiona finantzatu da. Horrek proiektu guztiaren %19a suposatzen du, 7.245,24 euro, orotara. Mutrikuko Udalak, aldiz, gainontzeko kopurua eta BEZari dagokiona ordainduko ditu.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.