Mutrikuko Bertso Eskolaren eskutik, atzo [urtarrilak 16] banatu ziren 27. Okelar anaiak bertsopaper sariak. Ohi ez modura, sari banaketaz gain Modesto eta Roman Maiz Okelar anaiei omenaldia ere egin zitzaien, bertso bazkari eta guzti.
Bertso bazkaritan bapo bazkaldu ondoren eman ziren jakitera aurtengo irabazleak. Sariak banatzen hasi aurretik, bertso eskolako kideek aurten jaso diren hamazazpi lanen kalitatea nabarmendu nahi izan zuten. “Jaso ditugun bertsoak oso onak iruditu zaizkigu, eta alde horretatik pozik gaude”, adierazi zuen Unai Belaustegi ekitaldiaren gidariak.
Okelar bertso paper lehiaketako irabazleak
Sariei dagokionez, bi kategoriatan banatu ziren sariak: 15 urtetik beherakoak eta 16 urtetik gorakoak. Gazte kategorian hiru sari banatu ziren, eta helduen kategorian, aldiz, lau.
Bertso eskolakoek adierazi zutenez, helduen kategorian hiru sari ordez aurten lau banatzea erabaki da. “Bertso sorta bat berandu jaso genuenez, ezin izan genuen besteekin batera kontutan hartu. Hori guztia gure akatsa izan zenez, pentsatu genuen ez zela egokia izango lehiaketarekin aurrera jarraitzea bertso sorta hori kontutan hartu gabe. Epaimahaia berriro batu zen, eta erabaki zuten horri ere saria ematea”.
Honakoak izan ziren aurtengo irabazleak:
Gazte maila
Mutrikuarren sari berezia: Mikel Galarraga
Epaimahaiaren sari berezia: Izaro Agirrebengoa
Sari nagusia: Aner Peritz
Helduen maila
Mutrikuarren sari berezia: Juan Mari Agirrezabala Erdikua
Epaimahaiaren sari bereziak: Xabier Astigarraga Mahastizahar eta Iñigo Legorburu
Sari nagusia: Iñigo Andonegi
Sari banaketa eta gero, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña gonbidatuek hainbat bertso abestu zituzten librean, han bildutako guztien gozamenerako. Tartean, Okelartarrak eta Okelar bertso sariko irabazleak hartu zituzten ahotan.
Lizaso eta Egaña bertsotan
Ondoren, Okelar anaien omenaldiaren tartea iritsi zen. Mutrikuko Bertso Eskolako kideek azpimarratu zutenez, omenaldia bertso paper lehiaketarekin batera egitea “aproposena” iruditu zitzaien. “Okelarrari aspalditik genbiltzan omenaldi bat egitekotan. Egun hau aukeratu genuen bertsolariak eta bertsozaleak batuta eurei omenaldia egiteko”.
Lehendabizi bertso eskolakoek prestatu duten bideo berezia proiektatu zuten, eta azkenik, Benita eta Bitore Maiz Okelar anaien anai-arrebak han zeudela aprobetxatuta, harei ere oroigarriak banatu zizkieten. Maiz anai-arrebei errekonozimendu oroigarriak banatu zizkieten bertso eskolaren eta Mutrikuko Udalaren eskutik.
Bitore eta Benita Maiz, Joxe Angel Lizardi alkatearekin batera
Azkenik, nahi izan zutenek kopla batzuk abesteko aukera izan zuten. Horretan aritu ziren Laxaro, Orlando, Narbaiza eta Juan Mari Agirrezabala. Eguna borobiltzeko, bertso bazkaritan parte hartu zuten Sebastian Lizasok eta Andoni Egañak hainbat bertso abestu zituzten.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.