Partidu gogor, luze eta parekatua ikusteko aukera izan zuten atzo, Markina-Xemeingo harmailak bete zituzten eskupilota zaleek. Azken tantoetan erabaki zen Bengoetxea VI.a eta Untoria eta Altuna III.a eta Merino II.aren arteko norgehiagoka. Pozik altzatu zituzten besoak Jokin Altunak eta David Merinok Binakako Txapelketako lehen ligaxkako bigarren garaipena eskuratu ondoren. 20 eta 22 irabazi zieten Bengoetxea eta Untoriari.
Altuna III.a sakea ateratzen.
Laugarren tantutik parekatuta egon zen bikote bien arteko lehia. Bengoetxea eta Altuna lehia bizian ibili ziren aurrean, ikusleen gozamenerako, baina agintea urdinen aldeko egon zen ia beti. Zazpi berdinketa eta amaiera borrokatua egon ziren. Altuna III.ak dena eman zuen azken tantuetan eta lehiarako prest zegoela erakutsi zuen dejada eginez eta sakea markagailura igota. Bengoetxea VI.ak txokora bidalita erantzun zion. Jokin Altunaren dejadak eman zion amaiera partidari. Altunak 12 tantu lortu zituen, Bengoetxeak baino hiru gehiago.
Lau pilotariek egin zuten lan bikaina. Untoria eta Merino ere euren aurrelariak babesten egon ziren partida osoan. Azken tantuak hobeto asmatu zituen Altunak, eta horrek erabaki zuen partida.
Aspeko bikoteak ez zuen lehen jardunalditik irabazten, eta bost partida jarraian galdu ostean, garaipenaren jabe egin ziren atzo. Garaipenak bigarren buelta indarberritura hasteko aukera emango die Altuna eta Merinori. Presio gabe eta lasaiago jokatu zutela adierazi zuen partida ostean Jokin Altunak, eta bigarren puntuagaz hurrengo partidara gogorrago aterako direla esan zuen Amezketako pilotariak. Hurrengo aurkariak Irujo eta Rezusta izango dituzte. “Adorez askoz hobeto gaude orain eta gogo gehiagogaz aterako gara, hurrengo partida ere garrantzitsua da eta guretzat. Ez daukagu presiorik, gu ez gara faboritoak pasatzeko, baina sustoak ematen saiatuko gara, ea nola joaten den”.
Bengoetxea VI.a sakea ateratzen.
Altuna III.a 14 urtegaz egon zen lehen aldiz Markina-Xemeingo frontoian, eta handia izanik bertan jokatzea arraro egiten zaion arren “pozik” zegoen egindako partidagaz eta puntuagaz “askoz ere gustoroago”.
Lau puntu bigarren buelta hasteko
Asegarceko bikoteak lau puntugaz amaitu du lehen ligaxka. Lau jardunaldi zeramaten galdu barik Bengoetxeak eta Untoriak, eta atzokoan ez zuten punturik eskuratzea lortu.”Lehenbiziko buelta ondo egin dugu eta gaurkoa pena bat izan da, garrantzitsua zen guretzako 5. puntua” aitatu zuen Oinatz Bengoetxeak. Hala ere, kontentu zegoen, dena eman zutelako. “Partida oso ona izan da, baina frontoi hau konplikatua da oso irregularra delako eta azkenean lehertuta geunden laurak. Eurak gehiago asmatu dute azkenean eta merezita irabazi dute”.
Hurrengo partidan Artola eta Albisu izango dituzte aurkari Bengoetxeak eta Untoriak eta atzoko zorte falta albo batera utzi eta bigarren bueltari ekiteko gogoz dagoz.
Alvaro Untoriak min hartu zuen atzoko partidan eta hurrengo egunetan zer moduz dabilen ikusi beharko dutela azaldu zuen Oinatz Bengoetxeak. “Nahiko min edukiko du eta agian konplikatua izan daiteke jokatzea”, esan zuen.
Omenaldia
Eskualdeko pilotari bik jokatu zuten Binakako Txapelketa aurreko partida. Elkarren kontra aritu ziren Aretxabaleta markina-xemeindarra eta Irusta munitibartarra. Urdinak hasi ziren aurretik, baina gorriak gailendu ziren gero. Horrela, Mendizabal III.ak eta Aretxabaletak alde handiagaz (22 eta 8) irabazi zieten Elordi eta Irustari.
Serafin Ibarra omendu zuten partida bien arteko tartean.
Partida bien arteko tartean egin zioten omenaldia Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko kide eta urte askoan pilota irakasle izan den Serafin Ibarrari. Hainbat urtez pilota bultzatzen egindako lan handia aitortu nahi izan zioten. Lorak hartu zituen bere hiru iloben eskutik bai eta era guztietako oroigarriak ere. Patxi Jauregi Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidentea izan zen lehena oparia ematen eta Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldearen eskutik hartu zuen azkena. Opari guztiak ezin eutsita, lurrean utzi behar izan zituen eta besarkada eta esker on ugari jaso zituen pilota zaleen txalo artean. Omendua izanik, Serafin Ibarrari egokitu zitzaion txanpona jaurtitzea.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.