Ondarroako Zaldupe kiroldegiko igerilekua zapatuan [urtarrilak 16] hainbat igerilariren topaleku bihurtu zen. Guztira, 150 igerilari batu ziren igeriketako 25. Ondarru sarian, giro ezinhobean.
Igerilariak proba hasteko prest. Argazkia: Zunbeltz Bedialauneta
Herriko igeri taldeko kideez gain, Markina-Xemeindik, Igorretik eta Zallatik etorritakoak batu ziren urteroko topaketan. Parte hartzaile gehienak igeri eskoletako gazteak izan baziren ere, master kategoriako hainbatek ere hartu zuten parte sariketan
Hitzordua 10:00etan hasi zen, eta igerilariak “giro eta maila onean” aritu zirela nabarmendu dute antolatzaileek. Lehiaketari dagokionez, parte hartzaileek estilo guztietan igeri egiteko aukera izango zuten. Libre, txanda, estiloetan, tximeleta edo bizkar estiloan 50 eta 100 metroko lasterketak egin behar izan zituzten.
Ondarru Igeri Taldeko kideak, pozik sariekin. Argazkia: Ondarru Igeri Taldea
Uretara dzanga egiten lehenengoak gazteenak izan ziren, eta adineka banatuta egin zituzten probak. Talde guztiak Ondarru saria lortzeko lanetan gogor aritu baziren ere, saria, azkenean, etxean geratu zen. Sailkapenari dagokionez, podiuma osatzen hurrengoak, Markina-Xemeingo eta Igorreko igeri taldeak izan ziren, hurrenez hurren. Zallako taldeak, ordea, laugarren postua lortu zuen. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, guztiek ere maila ona erakutsi zuten uretan. “Denentzako egon dira sariak”.
Bestalde, txapelketan parte hartu zuten bi igerilarik egindako marka onei esker, Espainiako eta Euskadiko txapelketetan parte hartzeko txartelak lortu zituzten. Zalla Igeri Taldeko Keltsek, esate baterako, Espainiako 100 metro krol txapelketan parte hartu ahal izango du eta Ondarru Igeri Taldeko Larraitz Torrontegik, ostera, Euskadiko 100 metro bizkar estiloko txapelketan izango da, lortutako gutxiengo markari esker.