Altunak eta Merinok bigarren puntua eskuratu dute Uni frontoian
Partida gogor eta parekatua eskaini zuten domekan Bengoetxeak, Untoriak, Altunak eta Merinok. Binakako Txapelketak frontoiko harmailak bete ditu berriz erePartidu gogor, luze eta parekatua ikusteko aukera izan zuten domekan Markina-Xemeingo harmailak b...
Partida gogor eta parekatua eskaini zuten domekan Bengoetxeak, Untoriak, Altunak eta Merinok. Binakako Txapelketak frontoiko harmailak bete ditu berriz ere
Partidu gogor, luze eta parekatua ikusteko aukera izan zuten domekan Markina-Xemeingo harmailak bete zituzten pilota zaleek. Azken tantoetan erabaki zen Bengoetxea VI.a eta Untoria eta Altuna III.a eta Merino II.aren arteko norgehiagoka. Pozik altzatu zituzten besoak Jokin Altunak eta David Merinok Binakako Txapelketako lehen ligaxkako bigarren garaipena eskuratu ondoren. 20 eta 22 irabazi zieten Bengoetxea eta Untoriari.Laugarren tantutik parekatuta egon zen bikote bien arteko lehia. Bengoetxea eta Altuna lehia bizian ibili ziren aurrean, ikusleen gozamenerako, baina agintea urdinen aldeko egon zen ia beti. Altuna III.ak dena eman zuen azken tantuetan eta lehiarako prest zegoela erakutsi zuen dejada eginez eta sakea ere markagailura igota. Bengoetxeak txokora bidalita erantzun zion, baina Jokin Altunaren dejadak eman zion amaiera partidari. Altunak 12 tantu lortu zituen, Bengoetxeak baino hiru gehiago.
Lau pilotariek egin zuten lan bikaina. Untoria eta Merino ere euren aurrelariak babesten egon ziren partida osoan.
Altuna III.a 14 urtegaz egon zen lehen aldiz Markina-Xemeingo frontoian, eta handia izanik bertan jokatzea arraro egiten zaion arren «pozik» zegoen egindako partidagaz eta puntuagaz «askoz ere gustoroago».
Indarberrituta
Aspeko bikoteak ez zuen lehen jardunalditik irabazten, eta bost partida jarraian galdu ostean, garaipenaren jabe egin ziren domekan. Garaipenak bigarren buelta indarberritura hasteko aukera emango die Altuna eta Merinori. Presio gabe eta lasaiago jokatu zutela adierazi zuen partida ostean Jokin Altunak, eta bigarren puntuagaz hurrengo partidara gogorrago aterako direla esan zuen Amezketako pilotariak. «Adorez askoz hobeto gaude orain eta gogo gehiagogaz aterako gara, hurrengo partida ere garrantzitsua da eta guretzat. Ez daukagu presiorik, gu ez gara faboritoak pasatzeko, baina sustoak ematen saiatuko gara, ea nola joaten den». Hurrengo aurkariak Irujo eta Rezusta izango dituzte.
Asegarceko bikoteak lau puntugaz amaitu du txapelketako lehen ligaxka. Lau jardunaldi zeramaten galdu barik Bengoetxe VI.ak eta Untoriak, eta domekan ez zuten punturik eskuratzea lortu. «Lehenbiziko buelta ondo egin dugu eta gaurkoa pena bat izan da, garrantzitsua zen guretzako 5. puntua» aitatu zuen Oinatz Bengoetxeak. Hala ere, «kontentu» zegoen, dena eman zutelako. «Partida oso ona izan da, baina frontoi hau konplikatua da oso irregularra delako eta azkenean lehertuta geunden laurak. Eurak gehiago asmatu dute azkenean eta merezita irabazi dute».
Hurrengo partidan Artola eta Albisu izango dituzte aurkari Oinatz Bengoetxeak eta Alvaro Untoriak eta atzoko zorte falta albo batera utzi eta bigarren bueltari ekiteko gogoz daude. Hala ere, Alvaro Untoriak min hartu zuen domekako partidan eta aste honetan zer moduz dabilen ikusi beharko dutela azaldu zuen Oinatz Bengoetxeak. «Nahiko min edukiko du eta agian konplikatua izan daiteke jokatzea», iragarri zuen.
Omenaldia
Eskualdeko pilotari bik jokatu zuten Binakako Txapelketa aurreko partida. Elkarren kontra aritu ziren Aretxabaleta markina-xemeindarra eta Irusta munitibartarra. Urdinak hasi ziren aurretik, baina gorriak gailendu ziren gero. Horrela, Mendizabal III.ak eta Aretxabaletak alde handiagaz (22 eta 8) irabazi zieten Elordi eta Irustari.