Bigarren urtez parte hartzen ari da Quincoces Font Blanca Munduko mendi eskiko kopan. Lehenengo eta bigarren proba lehiatu zituzten joan den asteburuan, Vallnorden (Andorra), eta bederatzigarren eta zazpigarren postuak eskuratu zituen zapatuan eta domekan, hurrenez hurren.
Parte hartu orduko, nola amaituko zuen jakiterik ez zuen izan mendexarrak, kopako lehenengo probak zirela kontuan hartuta, «erreferentziarik ez» baitzuen. «Neska onenen bat min hartuta zegoela banekien, eta barriren bat ere bazegoela banekien… Baina katalanak zelan zebiltzan baino ez nekien, Baqueiran abenduan lehiatutako lasterketan egon baitziren harek ere». Hala, «betiko segurtasunik ezagaz» abiatu zen txapelketako lehen probetara, nola moldatzen zen egiaztatzera.
Nahia Quincoces gaztea Font Blanca Munduko mendi eskiko kopan. Argazkia: ISMF World Cup Ski Mountaineering
Behin lasterketa bukatuta, «gustura» sentitu zen egindako lanagaz, eta «oso pozik» zapatuan bederatzigarren eta domekan zazpigarren postua eskuratuta. Bakarkako lana zuten egitekoa zapatuan, eta bertikalean jardun ziren, ordea, domekan. Batean zein bestean, lehenengo hamarren artean egoteko aukerak dituela erakutsi zuen Lea Artibaiko kirolariak Vallnorden.
Ondo prestatuta
«Aurten, ondo prestatzeko aukera eduki dut, eta denboraldi-aurrea gustura egin dut. Proban bertan ere, ondo sentitu nintzen», adierazi du Quincocesek.
Eguraldi kaskarraren ondorioz, joan den asteburuko ibilbideetan zenbait aldaketa egin behar izan zituzten antolatzaileek. Zapatuan, esaterako, zirkuitu bati lau buelta eman behar izan zizkioten. «Hori ez da normalean gertatzen, leku beretik behin pasatzen baikara, eta hori buruarentzako gogorra izan zen». Domekakoa, bestalde, «luze» egin zitzaiola aitortu du: «40 minutuko proba izan zen, eta laburra dirudien arren, amaiera artekoa luze samar egin zitzaidan».
Iaz, kopa guztiko probak lehiatu zituen mendi eskiatzaileak, eta lehenengo hamar postuetatik gertu ibili zen orduan ere. Aurten ere, «ahal den guztietan» parte hartzen saiatuko da, «baina emaitzen araberakoa izango da hori». Guztira, bakarkako hamar proba biltzen ditu aurtengo kopak, eta taldekako beste lau.
Asteburuan, Espainiako txapelketa
Asteburu honetan ere, berriro gainontzeko parte hartzaileekin neurtuko ditu indarrak mendexarrak Cerler eski estazioan (Huesca, Aragoi, Espainia) lehiatuko den Mendi eskiko Espainiako Txapelketan. «Baqueiran egon ginen pertsona berberak egongo garela uste dut. Orduan, laugarren egin nuen, beraz, ea hirugarrenagaz borrokatzeko aukera dudan postu hori».
Hurrengo lasterketa Font Blancako hirugarren eta laugarren probak izango dira, Valltenian (Italia), hilaren 30 eta 31n. Otsailaren 6an eta 7an, bestalde, Suizan lehiatuko den Europako txapelketan parte hartzeko asmoa erakutsi du.
Proba bat eta bestearen artean, entrenatzeko tartea hartu beharko duela aitortu du, baina, batez ere, «indarrak berreskuratzeko».