Hainbat jarduera jarriko dituzte aukeran Munitibarren zein Aulestiko Narea auzoan. Herritarrek aukeratuko dute batean, bestean zein denetan parte hartu nahi duten, baina aukera, behintzat, zabala izango da.
Munitibarko San Bizente jaiak
Narean, egun bakarrean murgilduko dira sanbizenteetan, baina goizetik gauera bitarteko egitaraua izango da aukeran. Mezaren eta umeen jolasen ostean, zaldi dema egingo dute Koba eta Motrollok. Auzoko harri zaharragaz, 20 minutuko saio bana egin beharko du horietako abkoitzak. Arratsaldean, berriz, mus eta briska txapelketa lehiatuko dute. Mus txapelketan bikoteka parte hartuko dute, eta briska txapelketan, hirukoteka. Mus txapelketako irabazleek 200 euro jasoko dituzte, bigarrenek 120 euro, eta hirugarrenek 90 euro. Briska txapelketako irabazleek, berriz, 180 euro, bigarrenek 120 euro eta hirugarrenek 90 euro.
Eguna Esteibar eta Obietaren musika apur bategaz agurtuko dute.
Munitibarren, bestalde, hiru egunetako egitaraua prestatu dute: barikurako, zapaturako zein domekarako. Barikuan, meza, kopaua, pilota partidak, jaiei hasiera emateko txupin jaurtiketa eta pintxoak eta edariak izango dira aukeran.
Munitibarren ere, mus txapelketa
Zapatuan, berriz, umeentzako egurrezko jokoekin hasiko dute eguna. Aulestin bezala, Munitibarren ere, mus txapelketan parte hartzeko aukera edukiko dute. Zapatu arratsaldean elkartuko dira herritarrak horretarako. Irabazleek txapela jasoko dute, eta horregaz batera, izena ematearen %60a; bigarrenek izena ematearen %30a, eta hirugarrenek, azkenik, izena ematearen %10a.
Musean parterik hartu nahi ez dutenek Tor magoaren ikuskizunagaz gozatzeko aukera ere izango dute. ILuntzean, halaber, Uribarriko korua ibiliko da tabernaz taberna.
Domekan agurtuko dituzte jaiak datorren urtera arte, eta Gure etxe bakarra antzezlanagaz egingo dute. Horren aurretik, baina, Bertso-pilota-zartagina desafioa ikusi ahalko da.
EGITARAUA
Aulesti (Narea)
Urtarrilak 23, zapatua.
– 12:00etan, meza, auzoko ermitan.
– Ostean, umeen jolasak.
– 13:00etan, zaldi dema, auzoko trikitilari eta txalapartariekin.
– 17:00etan, mus eta briska txapelketa.
– 23:30ean, Esteibar eta Obietagaz erromeria.
Munitibar
Urtarrilak 22, barikua.
– Goizean, meza.
– Ostean, kopaua, elizpean.
– 18:00etan, pilota partidak, frontoian, Lea Ibarra Motrollo Pilota Elkartearen eskutik.
– 20:30ean, jaiei hasiera emateko txupin jaurtiketa, udaletxetik.
– Ostean, pintxoak eta edaria, udal aretoan, The Crazy Wheels Band taldeak girotuta.
Urtarrilak 23, zapatua.
– 12:00etan, umeentzako egurrezko jokoak, frontoian.
– 17:00etan, mus txapelketa. 16:00etatik aurrera izena ematea, udaletxean (20 euro bikoteko).
– 17:30ean, Tor magoaren Hator Magiara ikuskizuna, udal aretoan.
– 19:30ean, Uribarriko korua, herriko tabernetatik.
Urtarrilak 24, domeka.
– 17:30ean, Bertso – pilota – zartagina desafioa. Parte hartzaileak: Kaxi-Minima eta Haxier-Mirri. Bertsolari botileroak: Iratxe Ibarra eta Xabier Enbeita.
– 19:00etan, Gure etxe bakarra antzezlana, udal aretoan, Muxikako emakumeen eskutik.