Birritan egon da aurretik espetxeratuta espainiar estatuan, eta bietan absolbitu egin zuten. Hori horrela, haren abokatuak eskatu zuen, horietan egindako denbora azken espetxeratze honetarako kontatzea, sumario berekoa zela kontuan hartuta. Hala eskatu zuten, eta hala egin dute. Hala, otsailaren 4an aske geratuko dela jakitera eman dute bere gertukoek.
Aingeru Cardañori babesa adierazteko egindako manifestazioa Munitibarren, 2015eko irailean.
Azken hiru hilabeteak Zaragozako (Espainia) espetxean igaro ditu munitibartarrak; izan ere, 2015eko urri bukaeran, Basauriko espetxetik bertara lekualdatu zuten preso politikoa.
2014ko azaroan, hiru urteko kartzela zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak Cardañori, 2001ean Bilboko Santutxu auzoko kutxazain batzuen kontra egindako erasoa leporatuta. Eta 2015eko irailaren 1ean atxilotu zuen Ertzaintzak azkenengoz Munitibarko bizilaguna, lagunekin kalean zegoela.
Azken atxiloketa horren harira, herriko presoari babesa erakusteko kalera atera ziren herritarrak. Cardañoren atxiloketa “guztiz bidegabea” zela eta atxiloketaren atzean arrazoi politikoak eta mendekua zeudela salatu zuten hilaren 12an egindako agerraldian. Halaber, berriz ere atxilotu orduko, Cardaño herrian izaten ari zen “inplikazioa” azpimarratu zuten agerraldiagaz bat egin zuten herritarrek: “Badira pare bat urte, Aingeru gure artean dagoela, familia bat osatu eta gure artean bizitzen gelditzea erabaki zuela”, adierazi zuten orduan. Egun berean, manifestazioa egin zuten 180 bat lagunek, herrian.