Zapatuan [urtarrilak 23] hasiko da Mutrikuko Oroimenezko VII. Piker pala txapelketa herrikoia.
Danok Bat Pelotazale Elkarteak aurreratu duenez, aurten hamar bikotek parte hartuko dute txapelketan, denak ere herritarrak.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, pozik daude aurtengo parte hartzailearekin. “Urtero dozena bat bikote inguru batzen gara, eta aurten ere horrela izango da. Beti-betiko jendeak parte hartuko du txapelketan, eta horrez gain, jende berria ere animatu da txapelketan parte hartzera. Hori bai, Mutrikun palan jokatu nahi duen jende gehiago ere badagoela jakin badakigu, eta horiei parte hartzeko deia egin nahiko genieke”.

Xabi Eizagirrek eta Xabi Eizagirrek irabazi zuten iazko txapelketa. Argazkia: Danok Bat
Urtero egin modura, lehen eta bigarren mailako jokalariak nahastuz, ahalik eta
bikote orekatuenak osatzen saiatu dira. “Iaz parte hartu zuten bikote guztiak desegin, eta beste kide batzuekin sortu ditugu bikoteak inori abaintailarik ez emateko. Polita da urtero bikote berriak sortu, eta horiek izaten duten eboluzioa ikustea”.
Txapelketari dagokionez, berritasun modura,
partida guztiak zapatuetan jokatuko dira. Hala ere, salbuespenak tarteko, partidaren bat edo beste egunez aldatu ahal dela ere azpimarratu dute. “Asteburu honetan, esate baterako, bi partida beranduago jokatuko dira. Elkarren kontra jokatu behar duten bi bikoteetako jokalari bana mina hartuta daude, eta beste bikote batek zapatuan partida jokatzea ezinezkoa du”.

Iaz Piker pala txapelketa jokatu zuten finalistak. Argazkia: Danok Bat
Azken momentuko aldaketarik ezean, txapelketako
lehen hiru partidak, zapatuan [urtarrilak 23], 09:00etan hasita jokatuko dira Mutrikuko Miruaitz frontoi berrituan. Lehen partidan, Olano eta Xabi Garaldek osatutako bikoteak Andres eta Zigorren aurka jokatuko du. Bigarrenean, aldiz, Eduk eta Txikik, Joxemi eta Igor Txaparron aurka neurtu beharko dituzte indarrak, eta azkenik, Goxerrik eta Ilarrak, Xabi Eizagirreren eta Hodeiren aurka jokatuko dute.
Atzeratutako partida, ordea, domekan jokatuko da, 10:00etan hasita. Urtzik eta Oierrek, Manzisidorren eta Ibonen aurka jokatuko dute.