Urtero modura,
Barandiaran aretoa alor ezberdinetako artisten lanaren erakusleiho bihurtuko da udan. Beste urte batez, Lekeitioko Udako Arte Erakusketa jarriko du abian udalak; parte hartzeko epea zabalik dago eta
martxoaren amaierara arte izango dute artistek izena emateko aukera.

2009ko Udako arte erakusketaren kartelaren irudia.
Erakusketan parte hartzeko Lekeitioko kultur etxera hurbildu edo
kulturetxea@lekeitio.com helbide elektronikora idatzi behar da. Izena ematerakoan, artistak bere lanen argazki eta dokumentazioa, biografia eta erakusketaren azalpenak, aurkeztu beharko ditu. Ondoren Kultur Sailak ebaluatuko du maila.
Apirilaren hasieran aurkeztuko dute
onartuen eta baztertuen zerrenda, eta ondoren zozketa baten bitartez hautatuko dituzte partehartzaileak. “Lehentasuna izango dute lekeitiarrek eta eskualdekoek”, zehaztu dute.
Aurkeztutako artista kopuruaren arabera, erakustaldi bakoitzak astebete iraungo duela jakitera eman du udalak, eta partaide gutxi aurkeztuz gero, aste bi emateko aukera egongo da.
“Udako Arte Erakusketak alor ezberdinetako artistengana heldu nahi du, arte aniztasunaren isla izan dadin”, adierazi dute.