Asterix eta Obelix bikote ezagunaren herrialdea den Galian kokatuko da aurten
Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak urtero antolatzen duen bertso saio berezia. Asterixek eta Obelixek egin zuten modura hamabi proba burutu beharko dituzte saioan parte hartuko duten bertsolariek.

XII. Bertsoprobetako kartela. Argazkia: Markina-Xemeingo Gazte Asanblada
Zortzi bertsolarik gainditu beharko dituzte aurten Galiako
bertsoprobak. Asterixek eta Obelixek bezala, Miramurix, Aix Lekatxotix, Nar Etxartix, An Lasarte-Orix, Jab Galletebetix, Osunix Aramendix, Lan Aitxuluanteturix eta Jox Amillegaraibelaustix bertsolari galiarrek ere edabe majikoa beharko dute Caius Pupusek aginduko dizkien probak gainditzeko.
Bertso saioa
22:30ean hasiko da, eta
22:15ean zabalduko dituzte ateak saiora datozenentzako. Izan ere, urtero modura, afaria egongo da aurretik, eta jadanik tike guztiak salduta daudela jakitera eman dute antolatzaileek. Afarira dozenek 20:30ean dute ordua gaztetxean agertzeko.
Bertso saiora doazenek bi euroko sarrera ordaindu beharko dute, bertan sarreran.
Lanerako prest
Urte asko dira Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak bertso saio bereziak antolatzen hasi zenetik, eta behar handia eskatzen duen saioa dela aitortu dute. “Gidoia egin, gaiak pentsatu, arropekin arduratu, apainketaz arduratu… behar handia eskatzen duen saioa da, baina izaten duen erantzuna ikusita eta jendeak zelako estimua dion ikusita, antolatzen jarraitzeak merezi du”, adierazi dute.
Urtero, gai ezberdinetan oinarritu dira bertso saioak: olinpiadak, Boiseko jaialdia, zirkua… Aurten, berriz, internazionalismoa izan du oinarri. 2016an, Gazte Asanbladak gai ezberdinak jorratuko ditu, eta urtarrilekoa internazionalismoa izango da. Beraz, bertso saioa ere gai horregaz lotuta egotea nahi izan dute. Halan, gai horregaz lotuta antolatuko dituzten ekintzetako bat izango da.
Bat eginda
K. a. 50. urtean Erromak Galia konkistatu du jadanik. Baina ez osorik: ipar-mendebaldean, bada konkistatu gabeko herrixka bat. Herrixka horretan bizi diren galiarrek indar izugarria ematen dien edari magikoa edaten dute borrokarako. Herri hau Galia oso konkistatu gabeko herri bakarra denez Erromako legioek askotan erasotzen dute.
“Asterix eta Obelixen istorio horregaz identifikatzen dugu bai gazte asanblada bai eta Euskal Herria ere, eta horregatik aukeratu dugu gaia”, zehaztu dute.