Bihartik [urtarrilak 22] hasita, Ondarroako 18. Komiki Jardunaldiak egingo dira Luterl komikizale taldearen eskutik. Ondarroako kultur taldeko kideek hainbat ekimen prestatu dituzte hurrengo egunotarako. Horiek gainera, era berezian egingo dituztela nabarmendu dute. “Jardunaldi hauetan iragana eta gaurkotasuna lotzen saiatu gara. Gaurkotasuna; erakusketa baten bidez iaz 10 urte bete uzen,
Xabiroi euskarazko komiki aldizkari bakarra goraipatu eta bultzatu nahi dugulako. Iragana; Luterl Taldearen gailurra izan zen ekimenaren garaia bergogogratzeko bidea ematen digun,
Def Con Dos taldearen kontzertua antolatu dugulako”.
Jardunaldien barruan, ohi modura, komiki erakusketa egongo da aukeran.
Xabiroi euskarako komiki aldizkariak hamar urte bete dituela eta,
komiki aldizkariaren inguruko erakusketa berezia prestatu dute.
Bertan aldizkariaren hainbat azal, erreprodukzioak eta aldizkarian parte hartzen duten hainbat egileren originalak ikusteko aukera egongo da udal erakusketa aretoan. “Bertan ikusi ahalko diren lan guztiak originalak izango dira, eta hor ikusi daiteke egileek zelan beharra egiten duten. Era berean, aldizkaria egiteko prozesua nolakoa den ikusteko aukera ere egongo da”.

Luterl taldeak Ondarroan antolatutako komiki erakusketa bat
Erakusketa bihartik [urtarrilak 22] urtarrilaren 31 arte zabalik egongo da, honako ordutegian: astelehenetik barikura, 18:30etik 21:00etara, eta asteburuetan, goizez ere bai, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara.
Xabiroi aldizkariagaz lotuta, Dani Fano aldizkariko arduradun, koordinatzaile eta komikigileak 12 urtetik aurrerako gaztetxoei zuzendutako solasaldi marraztua eskainiko du, urtarrilaren 28an. “Ikustaldi gidatua eskainiko du, eta animatzen bada, marrazki batzuk ere egingo ditu.
Xabiroi zer den azalduko du, eta zer ikusteko aukera dagoen erakusketan bertan ere”.

Def Con Dos taldeko kideak. Argazkia: Def Con Dos
Komiki jardunaldiekin lotuta, gainera, zapatuan [urtarrilak 23], 23:00etatik aurrera, Def Con Dos taldearen kontzertuagaz gozatzeko aukera ere egongo da. Taldea Ondarroan izango da aspaldiko partez,
Dos tenores bere azken lana aurkezten.
Kontzertuari dagokionez, kutsu berezia izango duela aurreratu dute komikizale taldeko kideek. “Aspalditik gure taldeko kidea zen Aitor Badiola gogoratzeko kontzertu bat egitekotan genbiltzan, eta azkenean oraintxe gauzatu da. Bera gogoan edukitzea oso garrantzitsua da guretzat. Orain urte batzuk lagunartean egin genion omenaldia, eta orain omenaldia era zabalago batean egitea erabaki dugu, kontzertu indartsu batekin”.
Musika taldearen jarraitzaile sutsuak dira Luterl taldeko hainbat kide, eta Ondarroan 1993an euren lehen kontzertua eskaini zutenez geroztik, harreman estua mantendu dute bi taldeko kideek.
Ondarroako 18. Jardunaldiekin lotuta, Radixu Irratian Azken mohikanoak irratsaio berezia egingo da urtarrilaren 27an
Kontzerturako sarrerak oraindik ere salgai daude
Beikozinin eta Zurrumurrun, 10 euroren truke. Kontzertua amaitu ondoren, gainera, goizeko ordu txikiak arte DJ Naranji Azuleren eskutik gerriak astintzeko aukera egongo da.
Era berean, jardunaldiekin lotuta,
Radixu Irratian Azken mohikanoak irratsaio berezia egingo dute urtarrilaren 27an, 22:00etatik 00:00etara. “Jardunaldien inguruko jarraipen berezia egingo dugu, eta hainbat elkarrizketa eskainiko dira horregaz lotuta”.
[EGITARAUA] Ondarroako 18. Komiki Jardunaldiak, egitaraua