Herrian kontsumitzeko ohitura bultzatu asmoz, Ondarroako Udalak 200 aterki jarri ditu eskuragarri
Laga naxun hartu nazun tokixan lelopean, Ondarroako Udalak 200 aterki jarri ditu eskuragarri udal eraikinetan, tabernetan eta herriko dendetan. Kanpainagaz, udalak herritarrak herrian kontsumitzera bultzatu nahi ditu. “Herritarrek aterkiak erabili ahalko dituzte, eta gero, beste lekuren baten utzi, beste norbaitek erabiltzeko”, azaldu dute udal ordezkariek.
Kanpaina Turismo eta Merkataritza Lan Foroaren iniziatibaz jarri dute martxan. “Aterkia ez da inorena eta aldi berean denona da. Behar dugunean erabiltzeko dago, eta gero, gertuen daukagun establezimenduan laga dezakegu”, gaineratu du Josu Arrizabalaga Ondarroako alkateak. Kanpainagaz, “herritarren kontzientzietan eragin” nahi izan du udalak. “Beste balore batzuk txertatzeko lagungarria ere izango dela pentsatzen dugu”.
Aterkiak eskuratu nahi duten establezimenduek Zatoztek eta garapen agentziak Alameda parean duten bulegora joan beharko dute. “Bulegoan bertan aterkia eta herritarrei banatzeko kanpainaren informazioa emango zaie”.
Orain abiarazi duten kanpaina hau, gainera, 2013ko abenduan martxan jarritako Ondarroa bizirik, bizi ondarroan kanpainaren jarraipena da. Beraz, iazko helburu berak daude atzean: herritarrak herrian kontsumitzearen garrantziaz jabetzea eta sentsibilizatzea, eta aldi berean, horrek herrian eta herritarrengan daukan eraginaz ohartaraztea. “Hemendik aurrera, beraz, euria ez da erosketak egiteko edo kalera ateratzeko aitzakia izango; euria ari duenean ere, Ondarroa mugimenduan dagoen herria da”.
Foroan parte hartzeko gonbitea
Kanpaina berria abian jartzeaz gain, aurrera begira ere, Ondarroako Udalak herrian bizi eta erosteko apostua egiten jarraitu nahi duela aurreratu du Arrizabalagak. Horretarako, orain arte egin modura, Turismo eta Merkataritza Lan Foroaren erronka berriak abiaraziko dituzte. Aipatu foroan, udalak, Zatozte Ondarroako mekatarien eta ostalarien elkarteak, turismo bulegoak eta banakako ostalari eta merkatariek osatzen dute. “Merkatari eta ostalari guztiek daukate lekua foro horretan. Interesa duen guztiari dei egiten diogu bileretan parte hartzera eta ekarpanak egitera. Ondarroaren etorkizuna denon artean eraiki ahalko dugu”.