Markina-Xemeingo Gure Esku Dagok Eskura prozesuaren xehetasunak azaltzeko agerraldia egin du gaur [urtarrilak 23], kultur aretoan. Funtsean, herritarrei, iazko azaroan Gasteizen adostutako estatutu orokorrean jasotakoa herrian nola txertatu azaldu diete herri dinamikako ordezkariek. Horrez gain, 2013-2018 plangintza errepasatu eta aurten Markina-Xemeinen egingo diren ekintzen berri ere eman dute.
Begirada atzera botata, Gure Esku Dagok abian jarritako
Eskura prozesua uda ostean hasi zen. “Eskura herri dinamiken barne antolamendua antolatzeko prozesua da. Estatutu batzuk proposatu ziren eta herri guztietara bidali ziren, nork bere ekarpenak egin edota aldaketak gehitzeko”, azaldu dute Markina-Xemeingo ordezkariek. Nork bere herrian txosten orokorra errepasatu eta gero, iazko azaroan batzar nagusia egin zen, Gasteizen. “Horretan estatutu orokorra adostu zen, guztion artean”.

Markina-Xemeingo Gure Esku Dagoko kideak, Eskura prozesuaren xehetasunak azaltzen.
Estatutu orokor horrek herri dinamikek eduki behar duten finantzaketa arloa, egituraketa, ardurak, ordezkariak, jarduerak eta abar zehazten da. “Orain arte herri dinamiketan ez zegoen ezer egituratuta. Orain, aldiz, guztiari forma eman zaio”.
Markina-Xemeingo ekintzak
Lehenik eta behin, Gabonetan bertan behera geratutako
kriseiluen ekintza egingo dute. “Sute arriskua zela eta, ekintza hori ez zen egin. Orain, ostera, Euskal Herri osoan egingo da”. Ekintza hori, hain justu, Euskal Herri osoan egingo da, martxoaren 11tik 13rako asteburuan. Markina-Xemeinen kasuan,
martxoaren 11n [barikua] egingo da, 19:30ean, Zelaian. “Otsailaren 12tik aurrera, barikuro, 19:30ean, kriseiluak saltzen egongo gara Kontzekupean”.
Kriseiluen ekintza martxoaren 11n egingo dute Markina-Xemeinen. Atzetik etorriko dira jai giroan oinarritutako ekintza bat eta ekainean egingo den Adierazpen Eguna
Herrian egingo den
hurrengo ekintza jai giroan oinarrituta egongo da. “Iaz Joste Eguna egin zen modu berean, aurten ere antzeko zer edo zer egingo dugu; oraindik ez ditugu data eta ekintza zehaztu, baina jai giroan oinarrituko dela jakin badakigu”.

Mari Eli Ituarte, azalpenak ematen.
Ekainean,
Ispasterren eta beste herri batzuetan galdeketak egingo direla aprobetxatuz,
Adierazpen Eguna egingo da, Euskal Herri mailan, ekainaren 4an eta 5ean. “Ekintza hori orokorra izango da, baina herri dinamika bakoitzak berea antolatuko du”.
Herritarrei eskaria
Egiteko guzti horren aurrean,
herritarrei bi gauza eskatu nahi izan diete herri dinamikako kideek: ekintzetan
parte hartzeko eta taldera gehitzeko. “Jendeak parte hartzen du ekintzetan, baina taldean gutxi gaude, eta gehiago behar ditugu”. Horrez gain, bazkide egiteko eskaera ere egin nahi izan diete. “Finantzaketa beharrezkoa da. Eta dagoeneko finantzaketa arloa estatutuei esker arautu egin dugu. Azken finean, erabakitzeko ahalmena herritarren esku egotea nahi dugu, ez erakundeen esku”. Ekarpenak egiteko modu ezberdinak daudela diote. “Horietako bat da bazkide egitea. Bazkide egitean, gainera, datuak hartzen zaizkie, eta antolaketa prozesuan parte hartzeaz gain, boto eskubidea ere lortzen da”.
Ekarpenak
Gure Esku Dagoren webgunearen bidez egin ahal dira. Dena dela, herri dinamiketako ordezkariek ere horre inguruko informazioa daukan eskuorriak ere banatuko dituzte.
2013-2018ko plangintza eta egitekoa
Gure Esku Dagok 2013an abiarazitako bideak helburu jakin bat daukala gogora ekarri dute. “Edozein bidek bezala, gureak ere amaiera eduki behar du”. Horren inguruan, Ibon Arbulu Udalbiltzako kide eta Bilboko zinegotzi ohiak 2013-2018 urte bitarteko plangintza eta egitekoak mahairatu ditu. “Aurreko urteetan nondik gatozen argitu ondoren, orain, 2016-2018 hirurtekoan herritar guztiei galdeketa bat egiteko prozesuaren inguruan herritarrak aktibatzeko eta galdeketa egiteko behar diren baldintzak sortzeko lan egingo dutela diote. “Hori da gure meta, herri galdeketa egitea”.
Ibon Arbulu: “Eremu sozialean egin behar dena gure esku dago. Herritarrak gara eremu politikoa mugiarazten dutenak; hemen ez dago erantzukizuna beste inori eskatzea, norberak egin behar du”.
Arbuluk Gure Esku Dagoren egitekoa
urtean behin ekintza bat egitea baino gehiago dela agertu du. “Eremu sozialean egin behar dena gure esku dago. Eremu politikoa mugiarazten dutenak herritarrak gara. Gure Esku Dago hau betetzea”. Beste alde batetik, zintzotasunez jokatzeko eskatu du. “Hemen ez dago erantzukizuna beste inori eskatzea; azken helburura begira jarri eta norberak egin behar du”.

Markina-Xemeingo Gure Esku Dagoko kideak.
Borondatea badagoela ikusita, herritarrak eta oro har, herriak mugituz, beste eremuak ere mugiaraztea proposatzen dute, beste behin ere, Gure Esku Dagoko kideek.
Datua
Kuriositate modura, Markina-Xemeingo Gure Esku Dagoko kideek datu adierazgarri bat agertu dute: biztanle kopurua kontuan hartuta, Euskal Herrian dauden
saretu kopuruaren %10 Lea-Artibaikoak dira.
Gaur Markina-Xemeinen egin duten aurkezpena
Aulestin ere egingo dute,
urtarrilaren 30ean.