San Bizente jaiek kolorez eta giro alaiagaz jantzi dute Munitibar
Barikuan [urtarrilak 22] eman zieten hasiera munitibartarrek San Bizente jaiei, mezagaz, urteroko kopauagaz eta Lea Ibarra Motrollo Pilota Elkarteak antolatutako pilota partidekin. Ostean, iluntzean, txupina bota zuten, udaletxetik. Eta The Crazy Wheels taldearen musikagaz jarraitu zuen jai giroak.
Gaur [urtarrilak 23], goizean frontoian egon da giroa. Izan ere, umeek, eta ez hain umeek, egurrezko jolasekin gozatu ahal dute. Ohiko jolas tradizionalak albo batera lagata, bestelako jolasez gozatu ahal izan dute. Frontoia jolasez beteta egon da eta umeekin batera, gurasoek, aitona-amonek eta bestelakoek ere ondo pasatu dute.
Arratsaldean, ostera, Tor magoaren ikuskizuna eta mus txapelketa izan dira protagonista.
Jaiak domekan [urtarrilak 24] amaituko dira, bertso-pilota-zartagina desafioagaz eta Gure etxe bakarra antzezlanagaz.