Galiako bi pertsonaiek modura
12 bertsoproba gainditu zituzten bertsolari biek Akerbeltz gaztetxean zapatuan [urtarrilak 23] egin zen saio berezian.
Urtero modura, gaztetxeko bertso saioa gai bateri lotuta egon da, eta aurten,
Galiar herrixka bihurtu dute gaztetxea. Gazte asko bezala,
Asterix eta Obelix herritik kanpo joan behar dira lan egitera. EƱaut Salegi eta Jokin Arbe Daniara jokatzera doazen puntistak egin zuten Asterix eta Obelixen papera. Kanpora doazenez, horien ordez, herria defendatuko duten beste Asterix eta Obelix batzuk aukeratu behar zituzten, eta Asterixek egin zuen modura 12 proba gainditu behar zituzten bertsolariek aukeratuak izateko. Azkenik, Sololuzeri eta Amurizari jantzi zieten euren kaskoa
Salegik eta
Arbek.
Akerbeltz gaztetxeko Bertsoprobetako parte hartzaile eta gidariak. Argazkia: Markina-Xemeingo Gazte Asanblada
Lanbideka banatuta,
lau taldek hartu zuten parte zapatuko bertsoprobetan: Joseba Sololuze eta Miren Amuriza errementariek; Naroa Loiola eta Xabat Galletebeitia arrain saltzaileek; Lander Ibarluzea eta Josune Aramendi ehiztariek eta Ane Labaka eta Aissa Intxausti etxeko langileek.
Ofizioka egin zuten bertsotan bai eta jolas batzuk ere, eta azken buruz-burukora Ane Labaka eta Aissa Intxausti eta Joseba Sololuze eta Miren Amuriza ailegatu ziren.
Abrarakurzix herrixkako buruzagiak eman zion hasiera saioari eta Panoramix herrixkako druidak banatu zituen edabeak bertsolarien artean, Caius Pupus-ek gidatu zuen saioa. Epaimahaiaren lana, bestalde Galiako hiru jakintsuren esku egon zen: Lander San Martin, Jone Antsotegi eta Alain Undabarrena. Idazkari lanetan Leire Salegik jardun zuen.
Giro ikaragarria
Urtero modura, asko izan dira Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak antolatutako saio berezia galdu nahi izan ez duten bertsozaleak. Horrela, gaztetxea bete-bete egin zen beste behin ere.
Akerbeltz gaztetxeko Bertsoprobetako parte hartzaile eta gidariak. Argazkia: Markina-Xemeingo Gazte Asanblada
Saioagaz gainera,
apainketagaz ere txundituta geratu ziren ikusleak. Akerbeltzeko sarrera zuhaixkaz beteta aurkitu zuten, ostean erromatarrak ezkutatzen zirelarik, eta barruan harresiz inguratutako herrixka galiarra aurkitu zuten, saioan guztiz murgiltzen laguntzeko.
Antolatzaileak ere pozik agertu dira. Izan ere, bertso saioaren helburua herriko eta inguruko bertsolari berriei leku eta aukera bat, plaza bat, ematea dela nabarmendu dute, eta aurten, plazetan
berriak diren hiru bertsolarik hartu dute parte gaztetxeko saioan: Naroa Loiolak, Josune Aramendik eta Aissa Intxaustik.
Irabazleen agurrak:
Miren Amuriza
Len esperantza fabrika zanak
izena Akerbeltz dauka
baina ahuntzak be potente dabiz
lagunei aupa ta aupa
hormak dekorau ta danontzako
edabea preparauta
honen bibote ta nire bizar
txaloka eta ujuka
bero hartu gaituzu ta
zure aurrean eranzten dodaz
kaskoa eta peluka
Joseba Sololuze
Gazte talde bat bada
flipatzen naukana
edabe majikotzat
gogoa daukana
inork ikusi gabe
latz egin du lana
gero geuk jasotzeko
txaloak ta fama
merezi dabe txalo
zaparrada bana
plazerra da hau zuekin
konpartitu izana