Asteburuan, Bizkaiko eta Gipuzkoako batel denboraldiko estropadak jokatu dira. Bizkaiko kasuan, denboraldiko lehen estropada jokatu zen Sestaon, eta Gipuzkoako kasuan, aldiz, bigarren eta hirugarren jardunaldiak jokatu ziren Donibane Lohitzunen eta Pasai Donibanen.
Lea-Artibai eta Mutrikuko taldeei dagokionez, ez zituzten emaitza oso onak lortu, baina aurrera begira jokatuko diren estropadetan maila hobea erakusteko asmoa dute.
Isuntzako arraunlari gazteak. Argazkia: Bermeo Arraun argazkiak
Zapatuan [urtarrilak 23],
Bizkaiko Arraun Federazioaren eskutik, Bizkaiko batel denboraldia hasi zen, Sestaon. Apirilaren 17ra bitartean, eta trainera denboraldia hasi bitartean, ia asteburuero, bertan jokatuko dira batel ligaxkako estropada guztiak.
Guztira, Bizkai osoko hamabost klub ari dira parte hartzen txapelketan, eta horien artean dira Ondarroa eta Lekeitio ere. Eurekin batera, honako taldeak ari dira parte hartzen: Elantxobe, Mundaka, Bermeo, Arkote, Getxo, Raspas, Lutxana, Deusto, Kaiku, Iberia, Portugalete, Santurtzi eta Zierbena. La Benedicta kaian jokatu ziren norgehiagokak, eta zazpi kategoriatan banatuta, 97 batelek parte hartu zuten.
Uretaratzen lehenak maila txikietakoak izan ziren. Txikien kategorian, mutiletan, Bermeo A taldeak irabazi zuen 04:56,07 denboragaz. Bermeo B, aldiz, 6. postuan sailkatu zen, eta Isuntza eta Ondarroa, osterantzean, 8. eta 12. amaitu zuten, hurrenez hurren. Nesketan, ostera, Kaiku A izan zen onena; 05:05,02 denbora behar izan zuten estropada amaitzeko. Bigarren Portugaletek egin zuen eta Bermeo Ak, hirugarren. Bermeo Bk 5. amaitu zuen proba eta Ondarru Bk 10. postuan. Ondarru A, aldiz, kanporatu egin zuten.
Ondarroa Arraun Taldeko neska gazteak. Argazkia: Bermeon Arraun argazkiak
Azkenik, txikien kategoria mistoan, Bermeok irabazi zuen 02:42,61 denboragaz. Isuntzak hirugarren egin zuen, eta Ondarru Ak, laugarren. Ondarroako B taldeak, 6. amaitu zuen estropada.
Kadete kategorian, mutiletan, Bermeok nagusitasun osoz irabazi zuen estropada; 07:05,12 behar izan zuten lehen postuan helmugaratzeko. Bertoko beste taldeak nabarmen atzetik ibili ziren: Ondarru C 12. postuan, Isuntza 13. postuan, Mundaka 15. postuan, Ondarru B 17. postuan, Ondarru A 18. postuan, Elantxobe 19. postuan eta Elantxobe Mx 20. postuan amaitu zuten estropada.
Gazte kategorian, nesketan, Kaiku A taldekoak izan ziren onenak. 10:06,36 denbora behar izan zuten estropada amaitzeko. Ondarruko neskek estropada ona egin zuten, eta bigarren eta hirugarren sailkatuengatik segundo bakarreko aldeagaz, laugarren amaitu zuten. Elantxobek 9. postuan amaitu zuen. Mutiletan ere Kaiku A izan zen onena, 09:30,42 denboragaz. Ondarruk, Bermeok eta Elantxobek, 11, 15 eta 20. postuetan amaitu zuten, hurrenez hurren.
Sestaon jokatutako estropada bat, hastear. Argazkia: Bermeo Arraun argazkiak
Senior kategorian, mutiletan, Zierbena nagusitu zen, 09:16,59 denboragaz. Isuntza hirugarrenarengandik nahiko hurbil ibili bazen ere, laugarren amaitu zuen. Mundaka A, B eta Ck, 5. postuan ,8. eta 9. amaitu zuten, hurrenez hurren.
Gipuzkoako batel txapelketari dagokionez, Donibane Lohitzunen zapatuan [urtarrilak 23] jokatuko bigarren jardunaldian ez zuen zorte gehiegirik eduki Mutrikuko taldeak. Gazte mailan, 16. postua lortu zuten mutrikuarrek, eta seniorretan, 9. postua.
Domekan [urtarrilak 24] jokatutako hirugarren jardunaldian ere, ez ziren fin ibili mutrikuarrak. Pasai Donibanen jokatutako norgehiagokan 15. postua lortu zuten gazte mailan eta 9. postua seniorretan.