Zapatuan, bertikal erako lasterketa lehiatu zuen, eta hirugarren postua lortu zuen orduan. Domekan, berriz, irabazlearen atzetik bukatu zuen esprint erako proba, bigarren postua eskuratuz. Egun bateko zein besteko emaitzagaz “gustura” geratu da Lea-Artibaiko mendi eskiatzailea.
Nahia Quincoces mendi eskiatzailea, mendi eskiko Espainiako Txapelketan. Argazkilaria: Aitor Igarategi/Euskal Mendizale Federazioa
“Oso teknikoa” izan zen domekako proba mendexarrarentzat: “Lehenengo eskiekin atera ginen, eta ondoren, horiek motxilan gorde eta oinez egin behar izan genuen. Berriz ere eskiak atera eta lehiatu ginen, eta azkenean, jaitsiera bat eduki genuen”. Esprint erako lasterketak ez direla inoiz bere espezialitatea izan aitortu du, baina, gutxinaka-gutxinaka aurrera doala gaineratu du.
Quincocesek azaldu duenez, zirkuitua normalean baino luze samarragoa izan zen. Lehenengo, kronometratutako buelta bat eman behar izan zuten bakarka, eta, ondoren seinaka zirkuitu batean neurtu behar izan zituzten beraien indarrak. Hortik onenak finalera igaro ziren, eta bertatik atera ziren lasterketako onenak.
Ondo ikusi zuen bere burua Lea-Artibaiko mendi eskiatzaileak domekan; hala ere, bigarren postuagaz konformatu behar izan zuen,”oso ona eta indartsua” den Claudia Galicia irabazlearen atzetik.
“Gustura eta indarrarekin”
Zapatuan, postu bat beherago egin zuen, hirugarren, hain zuzen ere. Domekakoa bezala, lehenengo eguneko proba hori ere “ondo” atera zitzaion bertoko eskiatzaileari. Laura Orgue eta Claudia Galiciaren atzetik, “gustura eta indarrarekin” bukatu zuen. “Mutilekin atera ginen. Bertikal erako lasterketa izateko, nahiko luzea izan zen, eta bukaeran, jaitsiera bat ere izan genuen. Bigarren zioana –Claudia Galicia– ikusi egiten nuen, baina ez nuen harrapatzerik izan”.
Hala, hurrengorako indarrak berreskuratu eta entrenatzen jarraitu beharko duela esan du. Baina ez du tarte handirik izango, asteburuan Italian lehiatuko baitu Munduko mendi eskiko kopako bigarren proba. “Gogotsu eta ilusioz” agertu da mendexarra lasterketa luze bat egiteko.