Eskuragaz, herritarrak mugiarazten hasi da Markina-Xemeingo Gure Esku Dago
Estatutua herritarren aurrean aurkeztu eta urteko plangintza errepasatu dute. Herritarrei bazkide egiteko eta ekintzetan parte hartzeko eskatu diete ordezkariekMarkina-Xemeingo Gure Esku Dagok Eskura prozesuaren xehetasunak azaltzeko agerraldia egin zu...
Estatutua herritarren aurrean aurkeztu eta urteko plangintza errepasatu dute. Herritarrei bazkide egiteko eta ekintzetan parte hartzeko eskatu diete ordezkariek
Markina-Xemeingo Gure Esku Dagok Eskura prozesuaren xehetasunak azaltzeko agerraldia egin zuen zapatuan. Herritarrei iazko azaroan Gasteizen adostutako estatutu orokorrean jasotakoa herrian nola txertatu azaldu, 2013-2018 plangintza errepasatu eta aurten Markina-Xemeinen egingo diren ekintzen berri eman zuten herri dinamikako kideek.Eskura prozesua uda ostean jarri zuen abian Gure Esku Dagok. «Eskura herri dinamiken barne antolamendua antolatzeko prozesua da; herriz herri estatutuak egiteko prozesua», azaldu zuten Markina-Xemeingo ordezkariek.
Aurrera begirako ekintzak
Hor herri dinamikek eduki behar duten finantzaketa arloa, egituraketa, ardurak, ordezkariak, jarduerak eta abar zehazten dira. «Orain arte ez zegoen ezer egituratuta. Orain, aldiz, guztiari forma eman zaio».
Lehenik eta behin, Gabonetan bertan behera geratutako kriseiluen ekintza egingo dute. Hori, hain justu, Euskal Herri osoan egingo da, martxoaren 11tik 13rako asteburuan. Markina-Xemeinen kasuan, martxoaren 11n egingo da, 19:30ean, Zelaian. «Otsailaren 12tik aurrera, barikuro, 19:30ean, kriseiluak saltzen egongo gara Kontzekupean».
Herrian egingo den hurrengo ekintza jai giroan oinarrituta egongo da. «Oraindik ez ditugu data eta ekintza zehaztu, baina jai giroan oinarrituko da».
Bazkide egiteko deia
Ekainean, Ispasterren eta beste herri batzuetan galdeketak egingo direla aprobetxatuz, Adierazpen Eguna egingo da, Euskal Herri mailan, ekainaren 4an eta 5ean. «Herri dinamika bakoitzak berea antolatuko du».
Egiteko guzti horren aurrean, herritarrei bi gauza eskatu nahi izan dizkiete herri dinamikako kideek: ekintzetan parte hartzeko eta taldera gehitzeko. «Jendeak parte hartzen du ekintzetan, baina taldean gutxi gaude, eta gehiago behar ditugu». Horrez gain, bazkide egiteko eskaera ere egin nahi izan diete. «Finantzaketa beharrezkoa da. Eta dagoeneko finantzaketa arloa estatutuei esker arautu egin dugu. Azken finean, erabakitzeko ahalmena herritarren esku egotea nahi dugu, ez erakundeen esku».
Ekarpenak egiteko modu ezberdinak daudela diote. «Horietako bat da bazkide egitea. Bazkide egitean, gainera, datuak hartzen zaizkie, eta antolaketa prozesuan parte hartzeaz gain, boto eskubidea ere lortzen da».
Gure Esku Dagok 2013an abiarazitako bideak helburu jakin bat daukala gogora ekarri zuten. «Edozein bidek bezala, gureak ere amaiera eduki behar du».
Ibon Arbulu Udalbiltzako kideak 2013-2018 urte bitarteko plangintza eta egitekoak mahairatu zituen. «Eremu sozialean egin behar dena gure esku dago. Eremu politikoa mugiarazten dutenak herritarrak gara. Gure Esku Dago hau betetzea. Herri galdeketa da gure meta».