Osakidetzak eta
Ondarroako Udaleko Gizarte-Ongizate sailak antolatuta, atzo [urtarrilak 25], Tratamendu medikuari eusteko laguntzen inguruko hitzaldi informatiboa egin zen Antiguako Ama egoitzan.
Aretoa jendez gainezka egon zela nabarmendu dute antolatzaileek. Izan ere, gaiak herritar askoren interesa piztu zuen. Ondarroako Osasun zentroko langileek, besteak beste, botiken ordainketa partekatu kontzeptuan pentsiodunek ordaintzen dena nola berreskuratu daitekeen azaldu zuten, eta osasun-karpetaren garrantziari buruz luze aritu zen Eladino Gonzalez Ondarroako Osasun zentroko zuzendaria.
Etorkizunera begira, gainera, tresna informatikoari buruzko beste hitzaldi bat antolatu nahi dela aurreratu zuten. Izan ere, osasun zentroko langileek interesgarria deritzote osasun-karpetari buruzko informazio gehigarria igortzea herritarrei. “Karpeta horri esker norbere informazio klinikoa ezagutzeko aukera dago, munduko edozein tokitara joanda ere”.